trinket 1

iz. KIR. Lau paretako pilotaleku itxia, kontrakantxarik gabea.
KIR. Trinketa 10,45 m-ko altuera, 9,30 m-ko zabalera eta 30 m-ko luzera dituen esparru itxi eta angeluzuzena da, kontrakantxarik gabea eta jokorako baliagarriak diren lau paretaz mugatua; frontisa, atzeko edo erreboteko pareta, ezker-pareta eta eskuinekoa. Eskuin-pareta eta frontisa fraide izeneko alaka baten bidez elkartzen dira, ez dute, beraz, angelu zuzena eratzen. Ezker-paretan zehar, frontisetik erreboteraino -eta zenbaitetan erreboteko paretan ere bai- kantxan 1,30 m barneratzen den eta 2 m inguruko altuera duen esparru edo solairua dago ezarria, bertan jendea egoteko eratua. Solairu edo galeria honek sare bat izaten du erdialdean, kantxari begira dagoen horman, eta taula deritzan maldatxo edo plano inklinatu batez dago estalia. Frontisaren eskuinaldean, txaparen gainean, batzuetan kofagune edo zuloa egon ohi da (egungo trinkete berrietan, normalean, ez da zulorik izaten). Berezitasun hauengatik guztiengatik, jokoa oso bizia eta aldakorra izaten da, pilotalekuan diren oztopoengatik etengabe aldatzen baita pilotaren ibilbidea.
Trinketan modalitate desberdinetan joka daiteke: eskuz, sarez, paletaz, pasaka, etab.




Atzera