kamara
iz. 1. Eraztun-formako kautxuzko hodia, hermetikoki ixten den balbula baten bidez presio jakin batean puztua eta pneumatikoaren kanpoaldea eratzen duen kautxuzko azalaren barnean ezartzen dena. 2. ZOOL. Hainbat barrunberi ematen zaion izena. Zakatz-kamara. 3. Ik. ganbara. • aire-kamara. ERAIK. Paramentuaren barnean uzten den tarte hutsa, isolamendu akustikoa eta termikoa egitea helburu duena. || begiko aurreko kamara. BIOL. Kornea eta irisaren arteko begi-barrunbea, likidoz betea dagoena. || berun-kamara. KIM. Kutxa-formako kamara handia, berunezko gainestaldura duena eta azido sulfurikoaren fabrikazio industrialean erabiltzen dena. || errekuntza-kamara. TEKNOL. Eztanda-motoreetan, pistoi-buruaren eta kulataren arteko espazioa, gasen errekuntza gertatzen dena. || gas-kamara. Hermetikoki itxitako esparrua, pertsonak hiltzeko gas toxikoz betetzen dena. || hotz-kamara. Janari galkorrak tenperatura txikian gordetzeko gela-modukoa, hotza artifizialki sortzeko gailua duena. || kamara ilun. ARG. Gehienetan lente bat duen zulo txiki bat besterik ez duen kutxa itxia. Zulo honetatik kanpoko objektuek isladatutako izpiak sartzen dira eta berauen irudia distantzia egokira dagoen pantaila batean eratzen da. || polen-kamara. BOT. Obuluan, ernamuin-zakuaren goialdean dagoen barrunbea, polena hartzeko funtzioa duena.
Atzera