Gaiarre Garjon, Julian
Kantari nafarra (Erronkari, 1844 - Madril, 1890). Mundu osoan ospea lortu zuen opera-kantaria izan zen. Txikitan artzain ibili zen eta gero Irunberriko eta ondoren Iruņeko errementaldegi batean egin zuen lana. Iruņeko orfeoian sartu eta tenore solista izan zen urtetan. Madrilgo Kontserbatorioak eskaintzen zuen beka lortu eta Tuterako konpainia batean sartu zen, baina 1868ko iraultza piztu zenean, beka galdu egin zuen. Beka baten laguntzaz Italiara joan zen kantu-ikasketak egitera. Varesen I Lombardi obrarekin debutatu zuen eta L'elisir d'amore obra kantatu zuenean arrakasta handia lortu zuen (1869). Harrezkero Europa eta Amerikako hiri askotan kantatu zuen; Alfontso XII.a erregearen hiletan (1885) eta Viktor Manuel erregeari Erroman eginiko hiletan ere (1889). Wagner-en, Mozart-en eta opera italiarreko obrarik famatuenak kantatu eta estrainatu zituen. Beti izan zituen oso maiteak etxekoak eta herrikoak eta euskara bera ere bai. 1889an kantatu zuen azkenengo aldiz Madrilen; bertan gaixotu eta hil egin zen.
Atzera