Giron Ezpeleta, Francisco, Ahumadako dukea

Militar nafarra (Iruñea, 1803 - Madril, 1869). Bere aitarekin, "Salvaguardias Nacionales" guardia-taldea sortzeko proiektua aurkeztu zuen Gorteetan, baina proiektuak ez zuen aurrera egin. Narváez jeneralaren estatu nagusiko buru zenean, Narváez jenerala zauritu egin zuten eta berak hartu zuen tropen agintea. Bandolero eta karlisten aurkako borrokan arrakasta handia lortu zuen Toledo eta Ávilan. Hori zela eta, berak izan zuen Espainian ordena eta legea betearaziko zituen guardia militarra sortzeko ardura; hortik sortu zen "Guardia Civil" izenekoa (1844). Bertako inspektore nagusia izan zen 1854 arte, eta 1856-59 bitartean. - Pedro Agustin (Donostia, 1788 - Madril, 1842), aurrekoaren aita. Independentzi gerran eta beste zenbait gudutan borrokatu ondoren, Fernando VII.a erregetu zenean erretiratu egin zen. Gobernu liberaleko gerra-ministroa (1820) eta Isabel II.aren erregeordetza-kontseiluko kidea izan zen (1833). Ahumadako duke izendatu zuten. Nepotismoa leporatu zioten eta Bordelera joan behar izan zuen. Ondoren Madrilen finkatu eta idazteari ekin zion.



Atzera