normandiar

adj. eta iz. 1. Erdi Aroan Eskandinaviatik jaitsi eta Europako mendebaldean sartu ziren herrietako kidea; herri horiei dagokiena. 2. Normandiako herritarra; Normandiari dagokiona.
Normandiar hitza ("iparreko gizonak") Europako mendebalderantz jo zuten bikingo-taldeei emandako izena da; ekialderantz jo zutenei barego esan zitzaien. IX. m.an Islandiara eta X. m.an Groenlandiara eta Ternuara eta Labradorrera egindako espedizioez gain, Eskoziako eta Irlandako iparraldea kolonizatu zuten. Daniarrek Ingalaterrako iparrekialdea hartu zuten IX. m.an. Karolinjioen garaian, ez zen normandiarren arriskurik izan Karlomagno hil zen arte. Orduan, piratek itsas portuak suntsitu eta ibaien arroetatik barneratuz hiriak hartu zituzten, eta gaur egun Normandia izenaz ezagutzen den herrialdean nagusitu eta finkatu ziren. Bertatik abiatuta, XI. m.an Gilermo I.a Konkistatzaileak Ingalaterra konkistatu zuen, eta XII. m.aren erdialdera arte monarkia normandiarrak agindu zuen bertan. Italiako hegoaldean eta Sizilian ere printzerriak sortu zituzten (XI-XII. m.). Mediterraneo itsasoko merkataritzan garrantzi handia izan zuten, Ekialdea eta Mendebaldearen arteko salerosketak beraien esku egon baitziren.




Atzera