totonaka

iz. eta izond. Mexikoko golkoan finkatu zen herri amerindiar bateko kidea; herri horri dagokiona.
Totonaken lurraldetik iparraldera huastekak bizi ziren eta olmekak hegoaldera. Badirudi, hainbat kultur zentro eratu zituztela: El Tajin, zaharrena, iparraldean; eta Cempoala, berriagoa, hegoaldean. Totonakek, huastekek bezala, garezurraren deformazioa lantzen zuten, pontxo-moduko batekin janzten ziren (quechquémitl), Mexikoko erdialdeko indiarren egitura ekonomiko bertsua zuten, eta haien antzera giza sakrifizioak eskaintzen zizkieten jainkoei, umeak barne. Hegoaldean 50 bat hiriren artean federazio-moduko bat osatu zuten, baina iparraldean benetako estatua zeukaten antolatua, txitximeken menpe erori ziren arte. Espainolak iritsi zirenean, hauekin bat egin eta kolonizazioa burutzen lagundu zieten. Arkitektura aberatsa eta oso garatua zuten, eta dekorazio handiko harrizko eskulturak eta zeramika ugari aurkitu da El Tajineko eta Cempoalako aztarnategietan.




Atzera