Elkano, Joan Sebastian

Nabigatzaile gipuzkoarra (Getaria, ~1476 - itsasoan, 1526), munduari bira eman zion lehena. Gaztetan arrantzalea izan zen eta gero kontrabando-merkataritzako bidaiak egin zituen. Aljerren aurka eginiko espedizioan eta Italian eginiko kanpainetan parte hartu zuen. Hogeitahiru urte zituela Magallaesek Moluka uharteetara prestatutako bost ontziko espedizioan parte hartu zuen; portugesek erabiltzen ez zuten bide bat aurkitu nahi zuten. Sanlúcar de Barramedatik abiatu ziren 1519an eta "Concepción" ontziko maisu izendatu zuten. Ozeano Atlantikotik Ozeano Barera heldu ziren, egun Magallaes itsasartea deritzona aurkitu eta igaro ondoren. Filipinetara iritsi eta Mactan uharteko erasoan Magallaes hilik gertatu zen (1521). Bost ontzietatik bi besterik ez zitzaien geratzen eta espedizionario asko gaixorik hil zen; Elkanok "Victoria" ontziko eta espedizio osoko agintea hartu zuen. Moluka uharteetara iritsi eta ontzi bat bertan deseginda geratu arren, bestea espeziez kargatu eta itzulera antolatu zuen. Hiru urte eman zuten Sanlúcar de Barramedarako bidean eta 265 gizonetatik 18 baino ez ziren itzuli (1522). Karlos V.a erregeak Elkanori armarrian munduaren irudia eta honako esaldi hau ipintzeko baimena eman zion: "primus circumdedisti me". Moluka uharteetara antolatutako beste bidaia batean abiatu zen 1525ean; baina gaixotu eta bertan hil zen; gorpua kareletik behera itsasora bota zuten.



Atzera