Retegi

Pilotari-familia nafarra. — Joan Inazio, Retegi I.a (Eratsun, 1943). Amateur-mailan hiru aldiz jarraian lortu zuen eskuzko banakako txapelketa. 1965az geroztik profesionala izan zen; bigarren mailako txapela lortu eta lehen mailara pasatutakoan beste sei txapelketa nagusi irabazi zituen (1969; 1970; 1972; 1973; 1974; 1975). Binakako partiduetan ere jokatu zuen, aurrelari gisa. — Julian, Retegi II.a (Eratsun, 1954), aurrekoaren iloba, 1980ko hamarkadako eskulari nagusia. Amateur-mailan ia batere jokatu gabe profesionaletara aldatu zen (1974). Bigarren mailako eskuzko banakako txapelduna izan zen 1975ean eta lehen mailako txapelketa nagusia 11 aldiz irabazi zuen: 1980tik 1988ra urtero, 1990ean eta 1993an. Eskuz binakako txapelduna izan zen: 1988, 1990 eta 1995 urteetan Errandonearekin, 1991n Arretxerekin eta 1997an Lasa II.arekin. Lau eta erdiko txapelduna ere izan da, hiru aldiz txapelketa hau ofizial izan aurretik (1989, 1990 eta 1991), eta behin, hori ofizialduz geroztik, 1997an. Pilotazaleen artean "maisua" titulua eman diote.



Atzera