barduliar
adj. eta iz. Antzina Euskal Herrian bizi zen tribu bateko kidea; tribu horri dagokiona. Gaur egungo ia Gipuzkoa osoan (iparrekialdeko Oiartzungo bailarako eta mendebaldeko Deba bailarako lurrak kenduta) eta Arabako ekialdean bizi ziren.
Gaur egungo ia Gipuzkoa osoan (iparrekialdeko Oiartzungo bailarako eta mendebaldeko Deba bailarako lurrak kenduta) eta Arabako ekialdean bizi zen barduliarren tribua. Ekialdeko baskoien eta mendebaldeko karistiarren arteko lurraldean bizi ziren. Tito Livio, Estrabon eta Ptolomeo geografo eta historialari erromatarrek antz handiko izen desberdinez aipatu zituzten barduliarrak. Estrabonek ematen dituen berrien arabera, barduliarrak, euskal beste tribuak bezala, abelazkuntzatik eta fruituak biltzetik bizi ziren gehienbat; emakumezkoak paper garrantzitsua jokatzen zuen haien gizartean eta, familiartean bezala, dantzak eta bazkariak elkarrekin egiten zituzten; adineko pertsonenganako begirune handia omen zuten.
Atzera