bizi

1. iz. Landareen, animalien eta bestelako izaki bizidunen oinarrizko ezaugarrien multzoa, (elikatzea, haztea, ugaltzea, etab.). Bizia itsasoan sortu omen zen. 2. iz. Bizitza, izaki bat bizirik dagoen denbora-bitartea. Ez zarela zeure bizian etxe honetatik aterako. 3. izond. Bizirik dagoena. Arrain biziak. 4. izond. (hed.) Bizitasuna adierazten duena, intentsitate handikoa. Begi biziak. Maitasun bizia. Haserre bizian etorri zen. 5. izond. Ezerk estali gabe dagoena, purua; biluzia. Mendi-mazela batean, arroka bizian eginiko zulo bat. 6. adb. Bizitasunez; azkar. Ea mutilak! Goazen bizi-bizi. 7. iz. Minbizia. • bizi-irrika. (batez ere pl.) PSIKOL. Freuden arabera, atseginaren printzipioari jarraikitzen dion irrika, gizabanakoa biziaren zaintzera, goratzera eta zabaltzera bultzaten duena. || bizi-maila. EKON. Gizabanako, familia edo herri batek ondasun edo zerbitzuak kontsumitzeko duen ahalmena adierazten duen neurria. || bizi-poz. Bizitzeko poz edo gogoa. • BIZI-BERRITU. Bizitasun berria hartu edo eman. || BIZIAREN AZPIAN. Heriotzaren, heriotza-zigorraren azpian.
Bizia bera zer den zehaztea zaila den arren, biologoek nahikoa argi finkatu dituzte bizidunen ezaugarri nagusiak. Dena den, zenbait izakiren kasuan (birusen kasuan bereziki) zaila da bizidunak edo bizigabeak diren erabakitzea, ez baitituzte bizidunen ezaugarri guztiak agertzen. Oro har, bizidunen ezaugarri nagusiak honako hauek dira. Antolakuntza berezia: organismo guztiek (zelulabakar zein zelulanitzek) beren forma eta tamaina bereziak dituzte eta gainera, funtzio espezifikoak betetzeko gai diren atal desberdinez osatutako multzo hierarkizatuak dira. Metabolismoa: substantzia berriak hartu eta beren osagai zelularrak gehitzeko edo berritzeko erabil ditzakete, energi iturri gisa zein behar dituzten molekulen sintesirako lehengai gisa erabiliz. Mugimendua: lekuz aldatzeko gai dira, zenbait kasutan oso modu nabarian (animaliak adibidez) eta beste zenbaitetan oso astiro (landareak). Inguruarekiko sentikortasuna: bizidunak ingurune hurbileneko kinada eta aldaketa fisiko-kimikoei (tenperaturaren, presioaren, argiaren kalitate eta norabidearen etab.en aldaketei) erantzuteko gai dira. Hazkundea: beren osagai zelularren masa emenda dezakete eta ondorioz tamainan edo kopuruan haz daitezke. Ugalketa: beren antza duten edo guztiz berdinak diren izakiak sor ditzakete. Adaptazioa: ingurunearen aldaketetara adaptatzeko (epe laburrean ingurunearekiko duten sentikortasuna aprobetxatuz, edo epe luzean eboluzionatuz) eta honela hauek gainditzeko gaitasuna dute.




Atzera