herri

iz. 1. Ohitura, erakunde, hizkuntza eta beste zenbait gauza berdinak dituen gizartea edo jende-multzoa, gehienetan taldean eta lurralde jakin batean bizi dena. 2. Talde edo herri jakin bat bizi den lurraldea bera; beste ezaugarriren batek mugatzen duen herrialde edo lurraldea. Euskal Herria. 3. Herritarrak. Askotan herri bateko kideen gehiengoari esaten zaio horrela (goi-klase, elite edo agintariei kontrajarririk erabilia); hitz-elkarte baten lehen osagai gisa, herriaren delako alderdiari dagokiona; askotan, goi-mailakoa edo landua ez den alderdiari dagokiona. Herri-kantak. Herri-kirolak. 4. Hitz-elkarte baten lehen osagai gisa, erakunde publikoei dagokiena; herritarren multzoarena edo multzoarentzat dena. Herri-eskola. 5. Unitate politiko bateko biztanleen osotasuna, botere politikoa datzaneko multzotzat hartua. Herriak aukeratutako parlamentariak. 6. Hiri txikia, auzoak baino garrantzi handiagoa duen etxe edo bizilekuen multzoa; bertako biztanleen multzoa; delako hiri edo herria erakundetzat hartua eta berari dagokion lurraldea. 7. (herr.) Hiria. 8. Herrikidea. • herri xehe. Herri bateko kideen gehiengoak, eta bereziki maila ekonomiko, kultural eta sozial apalekoek osatzen duten multzoa (goi-klase eta eliteari kontrajarririk erabilia). || herri-lan. Komunitatearen onura eta guztien onerako, administrazio zentralak, komunitate autonomoek edo udalek zuzenean edo zeharka egindako lana. || herri-nazio. Bere nortasunaren jabe izanik, bere nazio-izaera aldarrikatzen duen eta horren araberako egituraketa politikoa eskatzen duen herria edo etnia. || herriko etxe. Udaletxea. || herriko mutil, herri-mutil. (Ipar.) Amabia, udaleko enplegatua. || Jainkoaren herri. Israel, Jahvek aukeratu herria; kristau-elkartea, Eliza.
Herria hitzak daraman komunitate etniko, linguistiko eta kultural historikoaren kontzeptua aski lotuta dago normalean kontzeptu geografikoari -lurraldeari-, batetik, eta politiko-juridikoari -giza komunitatearen erakuntza politikoari-, bestetik. Hala ere giza komunitate historiko guztietan ez da horrela gertatzen: herri juduak herri iraun du, mende luzetan diasporan bizi izanik ere, eta ijito-herriaz hitz egin ohi da, nahiz eta sakabanatuta bizi hori; bestalde, unitate juridiko-politikoa (herria, 5. adiera) sarritan ez dator bat unitate etniko-kulturalarekin, bereziki estatu modernoetan; areago, zenbait herri etniko-kultural ukatuz edota zapalduz eraiki da hainbat estatu moderno zentralista, hiritartasun juridikoarekin berdinduz herritartasuna -estatu frantsesean Frantzia bakarrik da ofizialki herria, eta ez dira herriak Euskal Herria, Bretainia eta Korsika-. Izen berezi bihurtu da herria hitza Euskal Herriaren kasuan, eta hizkuntz komunitatea adierazten du funtsean ("euskara-herria"); horrekin batera dagokio komunitate historiko-kulturalaren, etnikoaren eta geografikoaren kontzeptua; horren erakuntza politiko-juridikoak, berriz, hainbat forma hartu izan ditu historian zehar. Hiritartasun juridikoaren eta herritartasunaren arteko erlazioa era ezberdinez dago jarrita estatu zentralistetan, federaletan edota kolonialetan.
Nazioarteko zuzenbidean garrantzi berezia hartu du herria kontzeptuak, herrien autodeterminazio-eskubidea onarturik eta aldarrikaturik dagoenetik, nahiz eta estatuen aldetik kontzeptu hori aplikatzean eta horren arabera eskubidea aitortzean adostasunik ez egon. Ik. autodeterminazio.




Atzera