hiri
iz. 1. Jende ugari bizitzeko etxe- eta eraikin-multzo egituratua, jarduera-mota desberdinetan, bereziki bigarren eta hirugarren sektorean, diharduen biztanleria duena. 2. Helburu baten inguruan eginiko eraikin- edota etxe-multzoa. Unibertsitate-hiria. Hiri olinpikoa. 3. Hiriko biztanle-multzoa. Hiri guztia atera zen kalera. • administrazio-hiri. Hiri modernoetan, hiriko zerbitzu administratibo guztiak biltzen dituen auzo edo lurraldea. || hiri historiko. Eboluzionatzen joan den antzinateko hiri baten jatorrizko nukleo zaharra. || hiri santu. Erlijio bateko fededunek bereziki ohoratzen duten edo gurtza-gune nagusi duten hiria (adib., kristauentzat Jerusalem, edo musulmanentzat Meka). || hiri satelite. Hiri nagusi baten inguru metropolitarrean kokatutakoa, harekin lotura estua duena, baina distantzia nabarmenera dagoena eta bertako biztanleen zati handi bati lana ematen diona. || hiri-gutun. HIST. Errege-erreginek edo jaun batek emandakoa, eta toki bateko biztanle edo birpopulatzaileek zein baldintza bete behar zuten adierazten zuena. || lo-hiri. Hiri nagusi baten inguruko hiri edo auzunea, biztanleei bertan lana egiteko modurik eskaintzen ez diena eta, oro har, azpiegitura (ikastetxe, zinema, administrazio-bulego, etab.) gutxi dituena. || lorategi-hiri. Berdegune ugariz hornitutako hiri edo auzunea.
Lehenengo hiriak Indus ibaiaren ertzetan (Mohenjo-Daro eta Harappa-n) sortu bide ziren. Egituraketa ortogonala zuten, eta bi bide nagusien arteko bidegurutzearen inguruan antolatzen ziren; geroago grekoerromatarrek eredu bertsua erabili zuten. Hiri erromatarrek, cardo eta decumanum izeneko bi kale nagusien arteko bidegurutzean foro-a zuten, hiriko plaza edo topagune publikoa zena. Erromatar Inperioa gainbehera hasi zenean, hiriek garrantzia galdu zuten, nahiz eta Elizaren babesean artzapezpiku-hiri bezala iraun eta Erdi Aroan herri feudal bihurtu. Merkataritza garatzeak eta populazioa gune jakinetan biltzeak Europan gero eta hiri gehiago izatea ekarri zuen: jatorri erromatarreko herrixka batzuk berpiztu egin ziren eta hiri handi bihurtu; beste batzuk berriz, garai hartantxe jaio ziren. Oro har, harresiz inguratuta zeuden, eta gremio eta jardueren araberako banaketa zuten; ez ziren hogei mila biztanletik gorakoak izaten. Errenazimentuan, garaiko humanisten hausnarketa teorikoen gaia izan zen hiria. Filaretek eta Albertik, besteak beste, hiri idealari buruzko tratatuak egin zituzten. Orduko hiriak gotortzeko eta babesteko hainbat teknika -batzuk berriak- erabili zituzten, eta hiri barrokoaren diseinuan eragin zuten. BerninikĘ-Vatikanoko San Pedro plazarako eginiko proiektuaren bitartez- eta Parisen eginiko eraberriketa-lanek hirigintza barrokoaren ezaugarri batzuk, arrandiatasuna eta simetria batik bat, azaltzen dituzte. Neoklasizismoak barrokoaren handizaletasuna atzera utzi eta garai grekoerromatarrera itzuli zen. XVIII. m.aren amaieran Ledoux-ek ville sociale-a sortu zuen, industri iraultzaren garaikide izango zen hiri utopikoa. XIX. m.an industri iraultzarekin batera premia berriak sortu eta hiriari buruzko ordura arteko kontzeptuak aldatu egin behar izan ziren; oro har, eremua konplexuago bihurtu zen non superpopulazioa, azpiegituraketa eskasa, eraikuntza-plangintza urria edota kutsadura gero eta ageriagoak ziren. Geroztik, aurrerapen berriek (automobil, telekomunikazio, etab.ek) ere nabarmen aldarazi zuten hiriaren geografia, eta problematika berria sortu zen. Hirigintza konpontzen ahalegindu den problematika hain zuzen.
Atzera