satelite

iz. 1. ASTRON. Bigarren mailako planeta, planeta nagusi baten inguruan grabitatzen duena eta bere translazioan laguntzen diona. 2. HIST. eta POL. Ekonomikoki, politikoki, eta militarki potentzia nagusi batekiko menpekotasuna duen herri edo nazioa. 3. TEKNOL. Automobiletako diferentzialek eta antzeko engranajeek duten pinoi-mota. • satelite (artifizial). ASTRONAUT. Gizakiak eraikitako aparatua, kohete edota bestelako garraio-sistema bat erabiliz astro baten orbitan, bereziki Lurrarenean, jartzen dena.
ASTRON. Sateliteak nahikoa arruntak dirateke planeten inguruan gure sistemako egiturari jaramon egiten badiogu. Izan ere, Eguzki-sistemako planeta guztiek -Merkuriok eta Artizarrak izan ezik- satelite naturalak dituzte. Sateliteen tamaina oso aldakorra da. Batzuk kilometro gutxi batzuetako diametroa baino ez dute; Martitzen bi ilargi txikiak edo Jupiterren kanpo-sateliteak esaterako. Beste batzuk Merkurio baino handiagoak dira; Saturnoren Titan edo Jupiterren Ganimide eta Kalisto, adibidez. Konposizioa ere oso aldakorra da; Ilargia arroka da ia osorik eta Saturnoren Entzelade % 50 baino gehiago izotzez osatuta dago.
Lurrak satelite bakarra du: Ilargia; Martitzek bi: Fobos eta Deimos; Jupiterrek 16: Io, Europa, Ganimide eta Kalisto dira garrantzitsuenak; Saturnok 18: handiena Titan da; Uranok 14: Ariel, Unbriel, Titania eta Oberon dira handienak; Neptunok 8: Triton eta Nereida dira ezagunenak, eta azkenik, Plutonek bakarra du: Karonte.
TELEKOM. Komunikazio-sateliteek bazterrezinezko funtzioa dute XX. m.aren bukaerako gizartean, besteak beste mundu osoa estaltzen duen komunikazio-sistema aldiberekoa posible egiten dutelako.
Lehen komunikazio-satelitea, Echo 1 izenekoa, 1960an jaurti zen eta aluminioz estalitako globoa zen. Satelite pasiboa zen, hau da, iristen zitzaizkion seinaleak isladatu baino ez zituen egiten eta transmisio esperimentalak egiteko erabili zen. 1962an jaurtitako Telstar 1 izan zen lehen satelite aktiboa. Honek telebista- eta telefono-seinaleak hartu eta Ozeano Atlantikoan zehar transmititu egiten zituen. Lehen komunikazio-satelite komertziala Intelsat 1 izan zen, eta 1965eko apirilaren 1ean jaurti zen.
Satelite bidezko komunikazioan, Lurreko estazio batek sateliteari seinalea igortzen dio; bertako ekipoak seinalea hartu, anplifikatu eta Lurreko beste estazio bati igortzen dio berriro. Komunikazio-sateliteek seinaleak hartu eta transmititzeko irrati-errepikagailuak izaten dituzte. Horietako bakoitzak hargailua, anplifikagailua eta transmisorea izaten ditu. Irrati-errepikagailuen kopuruak satelitearen transmisio-ahalmena zehaztuko du. Errepikagailuetako bakoitzak kolorezko telebista-seinale bat edo 1.200 telefono-seinale transmiti ditzake norabide batean.




Atzera