transmisio
iz. 1. Transmititzeko ekintza eta horren ondorioa. 2. AUTOM. Automobil, motozikleta eta bizikletetan, indar higiarazlea (motorearena zein giza gorputzarena) trakzioa duten gurpiletara eramaten duten mekanismoen multzoa. • sexu-transmisiozko gaixotasun. MED. Sexu-harremanen bidez kutsa daitekeen gaixotasuna.
AUTOM. Mekanikan transmisioa organo bateko higidura engrane, kable, uhal, katea, etab.en bidez puntu batetik bestera eramatea da.
Ibilgailuetako transmisioak enbragea izaten du, gidariak motorearen eta abiadura-kaxaren arteko lotura nahi duenean ezartzeko edo kentzeko. Abiadurak aldatzeko abiadura-kaxa dago, une bakoitzean zirkulazioko eskakizunetara ongien moldatzen den martxa aukeratzeko. Higidura abiadura-kaxatik diferentzialera transmititzen da, eta hortik gurpiletara. Diferentzialeko koroa eta pinoiei esker errepideko bihurguneetan alde bateko gurpilak bestekoak baino gutxiago biratzen du.
Ibilgailu zaharretan ohizko transmisioan enbragea eta abiadura-kaxa motorearekin aurrean egoten ziren. Hortik Cardan giltzaduraren bidez transmisio-ardatzak higidura atzeko gurpilen arteko zubira eramaten zuen eta zubiaren erdian zegoen diferentziala. Hortik eragiten zitzaien trakzioa atzeko gurpilei.
Aurreko trakzioko ibilgailuetan motorea, enbragea, abiadura-kaxa eta diferentziala aurrean daude eta trakzioa aurreko gurpiletan giltzadura orokorren bidez eragiten da.
Zenbait ibilgailuk, ordea, trakzioa lau gurpiletan izaten du. Horietan motorea, enbragea eta abiadura-kaxa aurrean izaten da eta bi diferentzial izaten dira; bat atzeko gurpilen artean eta bestea aurreko gurpilen artean.
Transmisio automatikoan abiadura-kaxak berak aukeratzen du, eskuz palankari eragin gabe, ibilgailuari une bakoitzean dagokion martxa egokiena.
Transmisio hidrostatikoan normalean presiodun olioa (edo airea) erabiltzen da higidura transmititzeko. Abiadura erregulatu ahal izaten da eta motoreari akoplaturiko ponpa izaten du.
Atzera