automobil

1. iz. Motore batek eraginik dabilen ibilgailua, lau gurpilekoa eta lauzpabost bidaiari garraia ditzakeena. 2. izond. Berez, kanpoko laguntzarik gabe, higi daitekeena.
1771n Joseph Cugnot frantsesak hiru gurpileko lurrin-ibilgailua asmatu zuen. Hura izan zen lehen automobila. XIX. mendeko lehen hamarkadetan lurrin-automobilen diseinua eta errendimendua hobetzeko hainbat saio egin zen. Abiadura-kaxa asmatu eta zilindro bat baino gehiagoko motoreak egin ziren. Dena den, lurrin-ibilgailuek autonomia eta potentzia txikia zuten eta propultsio-sistema berriak bilatzen ahalegindu ziren. Eztanda-motorea asmatu zen XIX. mendearen erdialdean eta 1885etik aurrera gasolina-motorez eragindako lehen automobilak agertu ziren. Urte batzuk lehenago Dunlop-ek pneumatikoa asmatu zuen. XX. mendeko lehen hamarkadetan automobil-industria jaio zen. 1908an Ford-ek T eredua merkaturatu zuen eta hogei urtetan T ereduko 15 milioitik gora automobil egin zituen. Geroztik automobilaren industria etengabe hazi da eta gaur egun industri sektorean garrantzi ekonomiko handiko azpisektorea da. Aldaketa eta aurrerapen ugari egin dira, automobilen segurtasuna, erosotasuna eta errendimendua etengabe hobetuz. 1980.eko hamarkadaz gero elektronikari esker hainbat automatismoz hornitu dira automobilak, mikroprozesadorez gidatuta. Halaber, material berriak (zeramikoak eta plastikoak, aleazio bereziak) erabiltzen dira gero eta gehiago. Petrolioaren deribatuez eragindako motoreak guztiz nagusitu diren arren, bestelako erregaiak (alkohola, gasa) ere erabiltzen dira. Halaber, automobil elektrikoen arloan hobekuntzak egiten ari dira (autonomia handiagotu, pisua gutxiagotu), aurrerantzean, hiri-barnean batez ere, automobil elektrikoak gero eta gehiago erabiliko direlarik.
¥ Automobilaren osagaiak. Automobila hainbat elementu eta sistemaz osaturik dago. Sistema propultsatzailea motoreak, erregaiak, lubrifikatzaileek, ihes-tutuak eta hozte-sistemak osatzen dute. Barne-errekuntzako motoreak erabiltzen dira automobilgintza modernoan: gasolina-motoreak eta Diesel motoreak. Errekuntzaren bero-energia energia mekaniko bilakatzen da motoreko birabarkian eta transmisio-sistemak garraiatzen du gurpiletara abiadura-kaxan dagoen engranaje-mekanismoan zehar. Mekanismo honen bidez motorearen potentzia gobernatu egiten da, abiadura eta biraketa-momentuen konbinazio desberdinak lortuz. Lehen abiadura ibilgailua abiarazteko edo trakzio handia behar denean erabiltzen da. Bigarrena, abiarazi ondoren abiadura handiagotzeko eta hirugarrena martxa normalerako. Laugarren eta bosgarrena automobilaren abiadura handiagotzeko erabiltzen dira eta atzera-martxakoa automobila atzerantz higiarazteko. Abiadura-kaxaren engranaje-konbinazioa, martxa, aldatu nahi den bakoitzean, birabarkia eta abiadura-kaxa desaklopatu egin behar dira, aldaketa egindakoan berriro akoplatzeko. Horretarako enbragea erabiltzen da. Honi auto-gidariak oinaz eragiten dio, baina automatikoa ere izan daiteke. Abiadura-kaxatik irteten den ardatz eragileak gurpil eragileak higiarazten ditu. Ardatzaren eta gurpilen artean diferentziala dago. Mekanismo honi esker, bideko bihurguneetan kanpoaldeko gurpilak barnealdekoak baino azkarrago bira dezake.
Direkzio-sistema automobilaren norabidea aldatzeko erabiltzen da. Bolanteak barra giltzatuei eragiten die, hauek automobilaren aurreko gurpilen norabidea aldatzen dutelarik. Automobilaren abiadura murrizteko edo guztiz gerarazteko balazta-sistema erabiltzen da. Balaztak gurpiletan ezartzen dira eta lau gurpiletako balaztei batera eragiten zaie aginte hidraulikoa erabiliz. Bestalde, bideko koska eta zuloguneek eta abiadura-aldaketek txasisari eragiten dizkioten dardara eta atzera-aurrerako higidurak moteltzearren, gurpilen eta txasisaren artean malgukiak edota bihurdura-barrak ezartzen dira. Hauexek osatzen dute esekidura-sistema. Gurpilen atal metalikoa estaltzen duten pneumatikoek automobilari egonkortasuna ematen diote eta dardarak zurgatzen dituzte. Automobilak energia elektrikoa behar du motorearen pizte-sistema elikatzeko, abio-motoreari eragiteko, argiztapenerako eta beste zenbait gailuri (irrati, berogailu, etab.i) eragiteko. Horretarako dago bateria. Berau kargatzeko, automobileko motoreak eragindako alternadore edo dinamoak erabiltzen dira.
Elementu horiei guztiei eta kargari txasisak eusten die eta honen gainean karrozeria ezartzen da. Elementu eta sistema guztiak, karga eta bidaiariak ingurunetik babesten ditu karrozeriak.




Atzera