engranaje

iz. TEKNOL. Higidura transmititzeko gurpil horzduna; horrelako gurpilez osatutako mekanismoa. Gurpil baten hortzak beste gurpilaren hortzarteko hutsuneetan sartzen dira, eta lehenengoak, biratzen denean, bigarrenari eragiten dio. Engranaje konikoa, helikoidala. • engranaje diferentzial. Ik. diferentzial. || engranaje-kaxa. Ik. abiadura(-kaxa). || linterna-engranaje. Ohizko engranajeek dituzten hortzen ordez bi disko paraleloren artean barra zilindrikoak dituena.
Binaka lan egiten dute engranajeek biraketa-higidura eta momentua irristadurarik gabe transmititu eta eraldatzeko, baten hortzak bestearen hortzarteetan sartuz. Higidura leun eta abiadura-erlazioa mantenduz transmititzeko, elkar ukitzen duten hortzen gainazalek profil jakin bat izan behar dute. Ardatz eragileari loturiko engranajea bietan txikiena baldin bada, pinoia deritzana, bikoteak abiadura txikiagotu eta momentua handiagotu egiten du. Pinoia eragindako ardatzean dagoenean, bikotearen irteeran abiadura handiagotu eta momentua txikiagotu egiten dira.
Ardatz paraleloen artean higidura transmititzeko, ardatzekiko paraleloak diren hortzak dituzten engranaje zilindrikoak erabil daitezke, baina sarritan hortz helikoidalak dituzten engranaje zilindrikoak erabiltzen dira. Elkar ebakitzen duten ardatzen artean higidura transmititzeko, engranaje konikoak erabiltzen dira eta gurutzatzen direnen artean torlojo amaigabea eta koroa.




Atzera