trakzio

iz. 1. FIS. Higiduraren norantza kontuan hartuta, aplikazio-puntua erresistentzi indarraren aurretik kokatua duten indarrek eragiteko modua. 2. FIS. Gorputz baten ardatzetako baten norabidean eta gorputza luzatzeko norantzan ezarritako esfortzu-mota. 3. AUTOM. Ibilgailuen motorea kokatzeko eta gurpiletarako higidura-transmisioa antolatzeko modua. • AUTOM. atzeko trakzio. Motorearen mugimendua atzeko gurpiletara transmititzen duen trakzio-sistema. || aurreko trakzio. Motorearen mugimendua aurreko gurpiletara transmititzen duen trakzio-sistema. || lau gurpileko trakzio. Trakzio osoa. || trakzio oso. Motorearen mugimendua lau gurpiletara transmititzen duen trakzio-sistema.
Ibilgailuei eta makinei eragiteko animali trakzioa da zaharrena, baina hau lurrinezko trakzioak ordezkatu zuen neurri handi batean. Presiodun ur-lurrinak pistoiei bultzata eragiten zitzaien gurpilei. Aire konprimatuzko trakzioa ere erabiltzen da inoiz. Trakzio elektrikoa motore elektrikoen bidezkoa da eta gehienbat trenetan, garabietan, funikularretan, teleferikoetan, igogailuetan, etab.etan erabiltzen da, baina motore termikoen trakzioz ibiltzen dira automobil eta kamioiak; gasolina edo gasolioa erretzen dutenen trakzioz hain zuzen.
Errepideko ibilgailuek 1960 ingurura arte, normalean, motorea aurrean eta trakzioa atzeko gurpiletan izaten zuten, baina harrezkero ia ibilgailu guztiek motorea eta trakzioa aurrean dituzte. Motorea gainera, aurrean zeharka ipintzen da eta horrek hiru abantaila ditu. Batetik, motoreko organoak (karburaziokoak, etab.) atzemangarriagoak dira, bestetik, birabarkitik diferentzialeraino transmisioa sinpleagoa da eta hirugarrenik, zeharkako motoreak istripua izanez gero kolpearen indarra motel dezake.
Teknologian trakzio-entsegua gero eta zama handiagoa ezarrita probeta bat hausteraino tiratuz egiten da. Bere helburua materialaren elastikotasun-muga, haustura-zama, luzapena eta estrikzioa (sekzio- murrizketa) ezagutzea izaten da.
Probetaren trakzio-erresistentzia hautsi baino lehen jasandako karga zati hasieran zuen sekzioa eginda kalkulatzen da. Probetaren sekzio-unitateko indarra ordenatuetan eta luzapenak abzisatan ipinita trakzio-diagrama osatzen da. Normalean altzairuek trakzio-diagraman hasieran lerro zuzena dute (zona elastikoa) eta gero lerro ganbila (deformazio plastiko iraunkorrei dagokiena). Bi zona horien elkarguneak adierazten du elastikotasun-muga.




Atzera