Europa

Munduko sei kontinenteetako bat: 11.282.488 km2 eta 792.803.500 bizt. (europarrak). Mugak: I-an Ozeano Artikoa, H-an Mediterraneoa eta Itsaso Beltza, M-an Ozeano Atlantikoa. E-ko mugak non dauden ez dago argi baina azken urteotan, geografo europarrek Kaukaso Asian kokatzeko joera hartu dute. Hortaz, Europa eta Asiaren arteko muga Uraletan behera E-ko mendi-barrenetatik dator, Emba ibaitik, Kaspiar itsasoaren IM-rantz hartu eta Kaukasoko I-tik, Kertxeko itsasarteraino; Krimea barne hartuta, gero Itsaso Beltzetik, Bosforo itsasartea pasatu eta Marmara itsasotik eta Dardaneloetatik Mediterraneorainoko lerroak banatzen ditu bi kontinenteak. Maparen gainean egindako muga-lerro hori ez dator bat kultura, etnia edo politikazko mugarekin.
Geografia. Erliebea. Era askotako erliebea badu ere, lautada da Europako erliebe-mota nagusia, haren azaleraren bi heren hartzen duelarik. Geografikoki bi alde bereizten dira: Europako I-an mendi ertainez inguratutako lautada handia dago, Uraletatik Frantziako I-raino. Mendien altuera ez da 2.000 m-ra iristen (Eskandinaviako Alpeak, Britainiar uharteetako mendikateak, Frantziako Erdialdeko Mendigunea eta Oihan Beltza). Europako H-an mendikatea berriak daude, arkuak eratuz (Balkanak, Karpatoak, Apeninoak, Alpeak, Pirinioak eta Mendikatea Betikoak). Bertan daude mendirik altuenak (Mont Blanc, 4.807 m Alpeetan). H-an lautada alubialak daude, nagusiak Danubio, Po, Ebro eta Guadalquivir ibaien arroetan daudelarik.
Europa itsasora begira dago. Errusiako zenbait lurralde izan ezik, itsasotik 600 km baino urrutiragoko lurralderik ez dago. Kostalde artikoa jarrai samarra da eta labar handirik gabea. Ozeano Artikoa lurrean barrena sartzen da, Kanin eta Kola penintsulen artean Itsaso Zuria osatuz. Kostalde atlantikoan ere ozeanoa sartu egiten da barne-itsaso handiak osatuz: Jutlandia eta Eskandinaviako penintsulen artean Itsaso Baltikoa eta beronen eta Britainiar uharteen artean Ipar Itsasoa. Azkenik, Frantziako HM-ko kostaldearen, Euskal Herriko kostaldearen eta Iberiar penintsulako I-ko kostaldearen artean Bizkaiko Golkoa dago. Kostalde mediterranearrean hiru penintsula handi (Iberiarra, Italiarra eta Balkanetakoa) eta uharte asko daude; ondorioz barne-itsaso ugari dago: Joniarra, Tirreniarra, Adriatiko, Egeo itsasoa eta Itsaso Beltza. Europak uharte asko eta handiak ditu: I-an Lur Berria, Islandia eta Britainiarrak dira nagusiak eta Mediterraneoan Balearrak, Korsika, Sardinia, Sizilia, Kreta eta Zipre.
Klima. Europa ia osorik klima epeleko latitude-bitartean kokatuta dago. Gainera, kostaldeak asko eta luzeak dira eta itsasoa, kontinentean sakon sartuta, klima leundu egiten du. Azkenik, I-an eta IM-an Gulf Stream itsas korronte beroak ere laguntzen du klima eztitzen. Oro har, itsasoarekiko distantzia eta latitudearen arabera hiru klima-mota bereizten dira: itsasaldekoa (negu gozo, uda epel eta euri ugarikoa), kontinentala barnealdean (negu gogor, uda bero, urteko tenperatur bitarte batezbesteko handi eta euri-kopuru handikoa) eta mediterranearra (uda lehor eta bero, negu gozo eta euri-zaparrada ugarikoa udazkenean).
Hidrografia. Europako ibaiak, oro har, ez dira oso luzeak eta emari txikikoak dira beste kontinenteetakoen aldean. Asko nabigagarriak dira. Erregimenaren arabera, hiru motatan sailkatzen dira: kontinentalek emari aldakorra dute, elur-urtze eta euriteen arabera; E-ko lautadetan daude eta neguan ibilguaren zati bat izoztu egin ohi zaie (Volga, Dvina, Onega, Dnieper, Dniester, Don, Ural, Petxora). Itsasaldekoen emaria egonkorra da (Garona, Danubio, Sena, Loira, Rhin, Oder, Elba, Mińo); mediterranearrek oso emari aldakorra dute, oso txikia udan eta oso handia tarteka udazken edo udaberriko ekaitzen ondorioz (Jścar, Segura). Dena den. Volga, Rhin eta Danubio ibaiek eskualde desberdinak zeharkatzen dituzte eta ondorioz erregimen konplexua dute. Aintzira asko daude, baina txikiak dira eta ez sakonak. Gehienak I-an daude, Eskandinavia eta Finlandian; gainerako ia guztiak Alpeen aldean.
Populazioa. Ia europar guztiak zuriak dira, baina ez dago batasun etnikorik. Jatorrizko populazioa, Homo sapiens baino lehenagokoa, orain dela 40.000 urte inguru agertu zen, baina geroztik Europak Asiako herrien migrazioak jaso zituen behin eta berriro Historiaurrean zehar. Horregatik, zaila da talde etnikoak desberdintzea. Populazioaren % 95 hizkuntza indoeuroparrez mintzatzen da, nagusiak erromanikoak (italiera, frantsesa, gaztelania, errumaniera, portugesa, ...), germaniarrak (alemaniera, ingelesa, suediera, norvegiera, nederlandera, ...) eta eslaviarrak (poloniera, serbo-kroaziera, errusiera, bulgariera, eslovakiera, txekiera, esloveniera, ...) direlarik. Europa, kontinente txikia izanik ere, munduko bigarren kontinenterik populatuena da Asiaren ondoren (65 bizt./km2-koa da populazio-dentsitatea) eta urbanizatuena ere bai. Lurralderik populatuenak, gehienetik gutxienera ordenatuta, honako hauek dira: mendebaldea, erdialdea, hegoaldea, ekialdea eta iparraldea. Dena den, populazioaren hazkunde-tasarik txikieneko kontinentea da (% 0,3-koa izan da urteko hazkunde-tasa 1980-85 bitartean). Ondorioz, populazioa zahartuz doa eta zenbait estatutan urteko hildakoen kopurua jaioberriena baino handiagoa da azken urteotan (Alemania, Austria, Danimarka, ...).
Ekonomia. Ekonomi sistemei dagokiela, bi zatitan banatuta dago: M-an merkatu-ekonomia duten estatu kapitalistak eta E-an ekonomia planifikatuko estatu sozialistak. Hala ere, 1989.az geroztik bloke sozialistan gertatu diren aldaketa politiko azkar eta sakonek deuseztatze bidean jarri dute sistema ekonomiko sozialista eta beren egitura ekonomikoa merkatu-ekonomiarantz egokitzen ari dira.
Europako estatu guztietan ekonomia garatuta dago, industria eta hirugarren sektorea nagusi direlarik. Hala ere, nekazaritzak garrantzi handia du; munduko mekanizatuena da eta ongarriak erruz erabiltzen ditu. Zerealak, barazkiak eta mahatsa ia Europa osoan produzitzen dira eta Mediterraneo inguruan zitrikoak. Abeltzaintza ere oso garatuta dago, ardi- eta behi-azienda handiak daudelarik. Arrantza ere oso jarduera garrantzitsua da; herrialde atlantikoetan batez ere. Zorupeko baliabideak eskasak dira. Beste kontinenteetatik inportatu behar izaten dira industriak behar dituen lehengaietako asko; batez ere petrolio, gas naturala eta burdin, kobre-, berun-, zink-, eztainu- eta aluminio-mineralak.
Europako komunikabide eta garraiabide-azpiegitura (errepide, kanal, trenbide, portu, aireportu, etab.) lehen mailakoa da, merkataritza erraztuz. Industria era askotakoa da, arlo guztietan oso garatuta dagoelarik. Oro har, iparralde eta erdialdean industrializazio-maila handiagoa da H-an baino, Mediterraneo inguruko herrialdeetan nekazaritzak oraindik garrantzi erlatibo handia duelarik. Europak, munduko populazioaren % 20 izanik, munduko ondasunen % 40 ekoizten du. Honi esker, bizimaila handia dauka, nahiz eta uniformeki banatuta ez dagoen.
Historia. Grekoei esker munduaren kultur eta ekonomi zentroa Mediterraneoaren erdialdean finkatu zen eta gero M-rantz higitu zen. Grekoek E-ko kulturak sintetizatu eta kultura modernoaren oinarriak ezarri zituzten. Ondoren Erromatar Inperioaren garaia etorri zen. Erromatarrek Europaren hegoalde eta mendebalde osoa menperatu eta antzinako munduaren zuzendaritza eskuratu zuten. Hunoen inbasioak Inperioa puskatu egin zuen 476an, zenbait erresuma independentetan banaturik gelditu zelarik. VIII. m.aren hasieran arabiarrek Iberiar penintsula hartu eta I-ra egin zuten, 732an Poitiersen Karlos Martelek gelditu zituen arte. Hala ere, arabiarrek Iberiar penintsulan XV. m.ra arte iraun zuten. Karlomagnok Mendebaldeko Erromatar Inperioa berpiztu nahi izan zuen, Ekialdeko Erromatar Inperioari eta arabiarrei aurre eginez. 800ean Leon III.a aita santuak Karlomagno erromatarren enperadore izendatu zuen. Baina Karlomagno hil ondoren inperioa puskatu egin zen. Gero, 962an, Oton I.ak Erromatar-Germaniar Inperio Saindua sortu zuen, Europako erdialde osoa hartzen zuena. Orduantxe hartu zuen Europa hitzak esanahi kultural eta politikoa. Inperioak luze iraun zuen, baina kohesio handirik gabe. Enperadoreek aita santuen botere eta itzala onartzen zuten, baina IM-ko erregeek politika nazionalista egin zuten. Mongolek Europako ekialdea inbaditu zuten eta Errusia XVII. m.ra arte haien menpe egon zen. XV. m.an turkiarrek Konstantinopla hartu zuten, Bizantzioko inperioa deuseztatuz eta Otomandar inperioari hasiera emanez. Erdi Aroaren amaieran aurkikuntza garrantzitsuak gertatu ziren (inprenta, iparrorratza) eta Amerika aurkitu zen. Horri esker Espainiak hartu zuen nagusigoa Europan eta Frantziak ondoren. Bitartean Erreforma protestantea gertatu eta Europako mendebaldea zatiturik gelditu zen, gerra erlijioso-politikoetan murgilduta. XVIII. m.an Ingalaterrak eta Probintzia Batuek itsas merkataritzan nagusitu eta industria modernoaren oinarriak ezarri zituzten, Europako nagusigoa lortuz. Iraultza Frantsesak (1789) ideia liberal eta razionalistak hedatu zituen Europa osora eta aldaketa sakonak eragin zituen arlo politiko, ekonomiko eta sozialean. Napoleon Bonaparteren inperioak Europa batuaren ideia piztu zuen, baina Frantziaren gidaritzapean izatekotan. 1814ean Vienako kongresuak haren inperioa deuseztatu egin zuen. XIX. m.an Europak langile-mugimenduak eta sozialismoa jaiotzen ikusi zituen. Aldi berean inperio kolonial handiak sortu ziren, Europako potentzia handiek Afrika, Asia eta Ozeanian koloniak eratuta. Errusiako inperioak Finlandia eta Polonia bereganatu zituen eta Italiak, Austriarekin borrokatu ondoren, independentzia lortu zuen 1870ean.
1914an Lehen Mundu-Gerra hasi eta handik aurrera Europaren nagusigoa munduan beheraka hasi zen. 1917an Errusiako iraultza gertatu eta gobernu marxista ezarri zuten. Faxismoa jaio zen Italian Mussolinirekin (1922) eta nazismoa Alemanian Hitlerrekin (1933). Europa batua bai, baina arrazista eta totalitarioa zuten helburu. Ondorioz Bigarren Mundu-Gerra piztu zen. Geroztik, Europa bi bloketan erdibituta (mendebaldea EEBBen eraginpean eta ekialdea SESBrenean) gelditu zen eta haren eragina munduan oso murriztu zen. 1989an hasita, bloke sozialistako estatu guztiek gobernu- eta erregimen-aldaketa aldarrikatu zuten. Bitartean, mendebaldeko estatuen arteko lotura eta harreman ekonomikoak estuagotzen joan ziren; EEE garatu eta zabaltzetik 1993an Europako Batasuna (EB) sortu zen, 1995ean 15 estatu biltzen zituena.




Atzera