errepide

iz. Bide zabala, automobilak eta bestelako ibilgailuak bertatik ibil daitezen prestatua. Oro har bi norabide izaten ditu eta kategoria desberdinetan banatzen dira. • errepide nazional. Probintziako hiriburuak eta mugak elkarren artean lotzen dituena. || eskualde-errepide. Nekazaritza, industria edo merkataritzan nabarmenak diren eskualdeak lotzen dituena.
Lehenengo errepideak lehenengo ibilgailuekin batera sortu ziren Kaukaso mendien eta Persiar golkoaren artean (K.a. ~3000), Mesopotamia eta Egiptoko zibilizazioak harremanetan jarri eta merkataritza bultzatzeko. Lehenengo errepide handia "Persiako Errege Bidea" izan zen (2.857 km Persiar golkotik Egeo itsasoraino); Europako errepideen artean lehenengoa "Anbarraren Bidea" izan zen eta Grezia eta Itsaso Baltikoa lotzen zituen; Asiako Ekialdean, Txinak errepide-sarea (~3.218 km) sortu zuen bertako hiri nagusiak lotzeko.
Lehenengo errepide hauek eraikitzeko hainbat teknika erabili ziren lekuan lekuko premiaren arabera: Europako iparraldean hezetasuna eta ura ziren arazo nagusiak eta adar eta enborrez eginiko bilbadura izaten zen errepidearen oinarria; Malta uhartean errepidea hareharria janez egiten zen; Indus ibaiaren haranean zementuz elkartutako adreiluak eta betuna erabiltzen zituzten eta ur-soberakinak husteko drenaje-sistema aproposa egiten zuten.
Erromatarrak urrutiko probintziak kontrolatuz inperioari eusteko errepide-sare egokiaren garrantziaz ohartu ziren; hori dela eta, inperioaren oparoaldian 85.000 km-ko errepide-sarearen jabe zen Britainia, Afrikako iparraldea, Iberiar penintsularen kostalde Atlantikoa eta Persiar golkoaren artean. Ezagutza zientifikoak erabiliz errepideak eraiki zituzten lehenak erromatarrak izan ziren; berauek eraikitako errepideak ahal bezain zuzenak ziren eta zorua nibelatua zuten. Errepideak lau geruzaz osatuta zeuden (guztira 0,9-1,5 m altuera): mortairu edo hareazko hondoa, harri lau eta zabalez osatutako ilara ondoren, kareaz nahasturiko legar-geruza mehe bat eta, azkenik, laba landuaz osaturiko geruza. K.o. XVIII-XIX. mendera arte iraun zuen errepideak egiteko teknika erromatarrak. Erromatar inperioa desagertu zenean errepide asko hondatu egin zen.
Hego Amerikan aipagarria da inkek Andeetan zehar hedatutako errepide-sare zabal eta sofistikatua; espainolak bertara iritsi zirenerako inkek bi errepide-sare zituzten: bata kostaldean itsasertzarekiko paralelo zihoana eta, bestea, mendian barrena zihoana. Bi sare hauen artean hainbat bidegurutze eta lotura zegoen.
K.o. XVIII. mendean errepideak eraikitzeari garrantzi handia eman zitzaion eta injineruak diseinu berriak egiten hasi ziren; zoladura meheagoak erabiltzen hasi ziren lurzoruak ibilgailuen pisua jasaten zuela argudiatuz. Horrela errepideak merkeago eta azkarrago egiten ziren. XIX. mendearen amaieran bizikleta eta motoredun ibilgailuen trafikoa oso hedatu zen eta horrek berekin zoladura leuneko errepideak egin beharra ekarri zuen. 1854an egin zen Parisen asfaltozko lehen errepidea eta Eskozian 1865ean zementuzkoa; gerora, bi zoladura-mota hauek garatu eta nagusitu ziren: malgua (asfaltozkoa) eta gogorra (zementuzkoa).
Komunikazio-bideetako ibilgailuen abiadura handitu beharrak eta motore-industriak nahiz eraikuntza-teknikek egindako aurrerapenek, gurpildunen trafikorako bide-mota berriak sortzea ekarri du. Gaur egun errepide zabalak eta harik eta bihurgunerik gutxien dutenak eraikitzen dira, tartean mendi, ibai edota urtegi nahiz aintzirak egon arren (lehen lurzoruaren gainean eraikitzen ziren moduan, gaur egun bidezubi eta tunelak egiten dira lurzoruaren desnibelak gainditzeko). Egungo errepide modernoen betebeharrak handiak dira: segurtasun handiz abiadura handitan zirkulatzeko modukoa. Sestra-aldaketa, bihurgune eta lurraren gainerako gorabeheretan, oso ikuspen ona behar da. Bihurguneek, abiadura handiz zirkulatzen duten ibilgailuak indar zentrifugoaren eraginez errepidetik ez irteteko modukoak izan behar dute (bihurgunean errepidearen kanpoaldea altxatu eta peraltea emanez lortzen da).
Errepide modernoetan nahitaezkoa da aurrez diseinua (errepidearen luzera-zabalera, trazatua, norabideak, sartu-irtenak, ikuspena) egitea, lurzorua eta topografia aztertzea eta drenaje-sistema aurreikustea; zenbait leku euritsu eta hezetan drenajeari garrantzi handia eman behar zaio urak zoladura higa ez dezan, euria egindakoan urak areketara egin dezan edota izotzak zorua pitza ez dezan. Azterketa eta diseinua egin ondoren lurra egokitu egin behar da: lur-erauzketa eta betelana egin, pendiza egokiak egin, etab. Lurzorua prestatuta dagoenean zoladura egiteari ekiten zaio; harea gaineko adokin-zorua eta asfalto edo alkitranezko zorua dira gaur egun usuenak, baina zenbait errepide handitan gero eta erabiliagoa da hormigoi-plakez errepidea egitea. Hormigoia lurraren gainean jartzen da zuzenean, hondoa bereziki prestatu gabe; lauza handiak egiten dira eta lauza artean juntura malgua (betun edota asfaltozkoa) behar izaten da hotz-beroarekin pitza ez dadin.




Atzera