italiera
iz. Italian eta Suitzako Tesino kantoian hitz egiten den hizkuntza erromanikoa.
Italierazko lehen testuak 960koak dira, eta gerora nagusituko zen italiera estandar-literarioa latinetik oso hurbil zegoen Florentziako XIV. m.ko hizkeran oinarritu zen (Dante, Boccacio eta Petrarkaren obrak hartu baitziren eredu), eta XIX. m. bitartean haren erabilera oso giza talde eta funtzio zehatzetara egon zen mugatua. Baina lehen obra luzea XIII. m.koa da, Cielo d'Alcano egilearena. Italieraren ezaugarri nabarmena dialekto-ugaritasuna da, eta oso aspaldiko joera du: IX. m.an hasi zen gero eta handiagoa eta sakonagoa egingo zen zatiketa. Erromania guztian ez dago halako zatiketa dialektala duen hizkuntzarik. XIII. m.an, Palermoko gortean, poeta-multzo handi bat bildu zuen Federiko II.ak. Toskanarrak eta erromaniarrak siziliarrekin bildu ziren haren babespean, eta "Siziliako Eskola" sortu zuten. Latina birgaitu zuten, eta honenbestez italiera literarioa ezarri ("hizkera arrunt dotoretua"), latina bera baino malguagoa, artistikoagoa. Esan liteke italiera idazleen sorkuntza izan zela. Dialekto guztietatik toskanera da italiera idatziari gehien hurbiltzen zaiona, eta dialekto honetan egin zituzten beren lanak Dante, Petrarca eta Bocaccio bezalako idazle handiek. Italieraren finkatzea, eskolari adina, RAI erakundeari zor zaio, telebista publikoaren eraginari. Oro har, hiru taldetan bil daitezke italieraren dialektoak: Iparraldekoak (piamontera, lonbardera, veneziera, etab.), Toskana aldekoak (florentziera nagusiki) eta erdialde eta hegoaldekoak (siziliera, etab.). 1861az geroztik Italiako hizkuntza ofiziala da eta egun 66 milioi hiztun inguru ditu.
Atzera