gaztelania
iz. Gaztelako erresuman hitz egiten zen erromantzea; estatu espainoleko eta Amerikako zenbait lurraldetan mintzatzen den eta delako erromantzean jatorria duen hizkuntza erromanikoa.
Iberiar penintsulan egon ziren erromatarrek lurraldean mintzo ziren iberiera eta hizkuntza zeltikoak estali zituzten beraiek hedarazi zuten latin arruntarekin; euskarak baino ez zuen bizirik iraun. V. mendean, Erromatar Inperioaren deuseztatzeak latinaren zatiketa ekarri zuen, tokian tokiko hizkerak sortuz. Horrela, denboraren poderioz galaikoportugesa, leonera, aragoera, katalana eta gaztelania sortu ziren. Gaztelaniaren ezaugarri nagusiak latineko hasierako f-a h bilakatzea (idazkeran iraun zuen arren, ahoskeran galdu egin zen, ustez euskararen eraginez), bokal sabaikariaren aurreko g-a eta j-a galtzea, edo -ct- kontsonante-taldea -ch- bilakatzea izan ziren, besteak beste. Erromantzeak indartu arren latinak mendeetan Europako kultur hizkuntza izaten segitu zuen. Gaztelania garai hartan euskalduna zen Burgosko iparraldean sortu zen eta bisigodoek sartutako germanismoak eta arabieraren eragina (hiztegi-mailan bereziki) jasan zituen. Berant Erdi Aroan finkatu zen eta X. mendeko Donemiliaga Kukulako glosak dira lehen testu idatziak. Gaztelaniaren hedapena bi alditan gertatu zen, batez ere Gaztelaren indartze politikoarekin batera: Errekonkista-garaian (XV. mendean) eta Amerika aurkitu osteko kolonizazio-aroan (XV. mendetik aurrera). XVI. eta XVII. mendeak garrantzitsuak izan ziren, gaztelania modernoaren fonologia orduan finkatu baitzen. XVIII. mendean, berriz, gaztelania modernoaren arauak ezarri ziren eta Real Academia Espaņola sortu zen 1713an; mende hartan finkatutako ortografi arauak ezer gutxi aldatuta iritsi dira gaur arte. Egun gaztelania estatu espainoletik kanpoko hainbat herritan mintzo da: ia Hego Amerika osoan, Erdialdeko Amerika, Maroko, Filipinak edo EEBBetako zenbait hirigunetan eta guztira 250 milioi inguru hiztun ditu (estatu espainolean, Latinoamerikako estatu gehienetan eta Ekuatore-Ginean hizkuntza ofiziala da).
Atzera