Krimea
Ukrainako penintsula eta errepublika autonomoa, Itsaso Beltzaren eta Azov-eko itsasoaren artean; 27.000 km2 eta 2.596.000 bizt. (populazioaren % 68 errusiarra da, % 26 ukrainarra eta % 4 tatariarra). Hbru. Simferopol. H-ko kostaldean daude mendi gehienak eta bertako klima leuna da; gainerako zatirik handiena estepa da eta klima gogorra du (oso euri gutxi egiten du). Ureztapenerako kanalei esker zerealak eta labore industrialak ekoizten dira. Kostaldean turismoa (bainu-estazioak) eta Sebastopolgo portua dira ekonomiaren ardatzak. Grekoen (K.a. VII. m.), erromatarren (K.a. 63), godo eta hunoen, turkiarren (VIII-XIII. m.), mongolen (XIII. m.) eta azkenik errusiarren (1783) esku egon zen. 1854-56: Krimeako gerra piztu zen. 1922: Krimea SESBko errepublika autonomo bilakatu zen. 1945: Bigarren Mundu-Gerran tatariarrak alemaniarren alde azaldu zirela eta, deportatu egin zituzten eta errepublika deuseztatu. 1954: Nikita Khrushtxev SESBko lehendakariak ordura arte errusiarra zen Krimea Ukrainari eman zion. 1991n SESB desegin zenetik Errusia eta Ukraina artean tirabirak izan dira, Errusiak Krimearen gaineko subiranotasuna errebindikatu baitzuen. 1992an Ukrainako gobernuak autonomia eman zion Krimeari.
Atzera