estepa
iz. Larredi hedatsua, landare xerofiloak dituena eta gehienetan zuhaitzik gabekoa.
Errusierazko step hitzetik dator estepa; eta aurrenik Hungariatik hasi eta Ukrainan eta Asiako erdialdean zehar Mantxuriaraino zabaltzen den lurralde-zerrenda zabalari deritza horrela, sarritan izen berezi gisa gainera. Hala ere, ekosistema-mota hori munduko beste hainbat lekutan ere aurki daiteke: Afrikako iparraldean Sahara basamortuaren eta mediterranear eskualdearen artean, Ipar Amerikako erdialdean, Argentinako panpan. Baina estepa ez da sabanarekin nahasi behar, hemen askoz belar gehiago hazten baita.
Estepa-larredi euroasiarrean bi zati handi bereizi ohi dituzte, klimari begiratuz bereziki: Mendebaldeko estepa, Altai mendietaraino doana, eta Ekialdeko estepa, Mongolia zeharkatuz Xingan Handiko mendikatearaino iristen dena.
Europako eta Ekialde Hurbileko historian eta zibilizazioan garrantzi handia izan du estepa euroasiarrak. Batetik, lurralde-zerrenda nolabaiteko etorbide zabala gertatu zen bertako tribu eta herrien etengabeko mugimendurako, eta Ekialde Urrunaren, Ekialde Hurbilaren eta Mediterranearraren arteko zubi komertzial eta kulturala izan zen. Bestetik, estepako herriek hegoalderantz eta mendebalderantz eginiko emigrazio eta inbasioek presio handia ezarri zieten hegoaldeko inperioei (asiriarrari, persiarrari, seleukotarrari); Erromatar inperioaren gainbehera ere estepako hunoen inbasioen eraginez hasi zen, horiek herri germaniarrak Inperioko lurraldeetara bultzatu baitzituzten; Asiako estepatik zetozen turkiarrek, seleukotarrek eta otomandarrek Bizantziar inperioaren gainbehera eta Otomandar inperioaren sorrera ekarri zuten.
Estepa euroasiarreko herriek beren kultura landu zuten. Brontze-Aroan lurralde horietan landutakoari "estepako artea" deritza. Kultur gune eta hilerri desberdinetan aurkituriko brontzezko eta burdinazko armak, lan-tresnak, ontziak, apaingarriak, etab. dira horren lekuko; animaliak irudikatzen zituzten batez ere eskulan horietan.
Atzera