ekosistema

iz. EKOL. Sistema ekologikoa; komunitate natural bateko organismoek eta beren inguruneak eratzen duten sistema funtzionala.
Ekosistemaren mugak ez dira zehatzak eta ezin dira izan gainera; termodinamikoki sistema irekiak dira: kanpotik (Eguzkitik, materia organikotik) hartzen dute energia eta aldameneko ekosistemetara bidaltzen dute, adibidez, animalien migrazioen bidez. Ekosistemaren garapenean faktore biotiko eta abiotikoek elkarri eragiten diote; eragin-fluxuak sortzen dira, garapenaren eta eraldaketen bultzatzaile. Garapen horren ondorioz, hasieran ekosisteman ongi egokituta zeuden hainbat espeziek ezin izango dituzte beren beharrak bertan ase eta baldintza berrietara hobeto egokitzen diren espezieek ordezkatuko dituzte. Segida ekologikoa gertatzen da ekosisteman klimax-era iritsi arte, hau da, oreka-maila lortu eta ekosistemaren baldintzak ziklikoki birsortzen dituen espezie-multzoa lortu arte. Ohizko segida ekologikoaren hasieran harea edo arrokaren gainean lurzorua sortzen duten organismoak daude (bakterio, liken eta goroldioak). Ondoren belarrak hazten dira, urterokoak eta iraunkorrak; gero zuhaixkak eta, azkenik, zuhaitzak. Animaliak ere, landareen menpe daudenez, segida baten arabera iristen dira. Klimax-a lorturik, oreka ezarri eta animalia nahiz landareen populazioa egonkortu egiten da.
Ekosistemaren egonkortasuna multzoaren erregulazioan parte harten duten elkarrekintza-kopuruaren baitan dago. Alde horretatik, ekosistemaren eraniztasuna zenbat eta handiagoa izan hainbat egonkorrago izango da. Eraniztasuna ekosistema helduetan baino ez dago. Espezie-kopurua, eta egonkortasuna, handiagotuz joango da segida ekologikoan klimax-era iritsi arte. Halaber, asalduraren batek sistemari eraso eta egonkortasuna hausten badu, errazagoa izango zaio sistema helduari oreka-puntura berriro iristea. Adibidez, ekosisteman parasito bat sartzen bada, errazago aurkituko da haren harrapari bat espezie asko duen ekosistema helduan espezie gutxiko ekosistema gaztean baino.




Atzera