abeltzaintza

iz. Abeltzainaren bizibidea, abereak zaintzeko lanbidea edo jardunbidea.
ENTZ.
Antzina gizakiak bere inguruan zebilen zenbait espezietatik lortzen zuen elikadura. Animalia basatiak heziz etxe-animalia bihurtu eta honela sortu zen abeltzaintza. Zibilizazioarentzat funtsezkoa den jarduera hau oso antzinakoa da: Ekialde Hurbilean, Palestinan, hasi ziren lehen aldiz K.a. 5000 inguruan. Espezie basati batzuk, landutako lurretara bazkatu nahirik hurbildu izana eta denborarekin gizakiaren babes eta arduraren menpeko bihurtu izana legoke abere-hazkuntzaren hastapenetan, edota ehiztariek ehizatutako piztia batzuk hezi eta berauen kumeak hazten hasi izana. Hasiera batean, haragia eta larrua baino ez zuten aprobetxatzen, baina laster ohartu ziren abere batzuen esnea ere elikagai ona zela. Haien gorotza ongarri eta erregai ona zenaz eta zenbait animalia garraiorako eta goldeari tira egiteko ere egokiak zirenaz ere ohartu ziren.
Behi, ahuntz, txerri, untxi, ardi eta hegaztiek ematen diote, oro har, abeltzaintzari errentagarritasuna; zaldi, gamelu eta idiak, berriz, garraiorako eta lanabes eta zamei tira egiteko erabiltzen dira. Zenbait lurraldetan, animalia basatiak etxekotu egiten dira, eguneroko bizitzarako eta biziraupenerako garrantzizkoak baitira; esaterako, Himalaian jak-a eta Laponian elur-oreina (garraio, esne eta haragitarako), estepa-motako larredietan antilopea (haragitarako), Indian eta Asiaren ekialdean elefantea (garraio eta baso-lanerako), etab.
Klima, orografia, biztanleria, merkatu, etab.en arabera abeltzaintza-mota desberdinak daude. Luzaroan abeltzaintza estentsiboa deitua soilik ezagutu izan da, belardi handietan azienda gutxi edo gehiago aske utziz larrean eginez hazten denekoa. Abeltzaintza intentsiboan azalera txikian ahalik eta abere gehien mantentzea izaten da helburu. Abereak ukuiluetan haztea, hau da, ukuilu edo bestelako instalazioetan abereak eduki eta horretarako nekazaritza-ustiapenaz edo industri elikagaiaz (pentsua) baliatzea.
Abereen hazkuntza sistematikoak animalien hautaketa eta arraza hobetzea dakar, eta horrela, dagokion funtziorako geroz eta animalia hobeak lortu ahal izaten dira. Badira, beraz, esne-behiak, haragitakoak, etab.




Atzera