hirigintza

iz. Hiri-plangintza, hiriak biztanleen beharretara egokitzeko bitartekoen multzoa; delako plangintza eta bitartekoen azterketa.
Hirigintza hiri idealaren eredua aurkitzea bada, hiria bera bezain zaharra da. Hiriko espazioa arrazionalizatzeko kezka hori, antzematen da jada Indus ertzeko antzinako zibilizazioko hirietan, Mesopotamiakoetan edota Greziakoetan.
XX. m.ko hirigintzak gogoeta hau egiten du: hiri modernoa berez makurra da eta, gizaki berria garatzekotan, antzinako hirien gaitzak ez dituzten hiri berrietan garatuko da soilik. Horixe da arkitekto moderno batzuek Atenasko gutuna (1933) izeneko idatzian adierazi zuten ideia nagusia; bertan izaera iraultzaileko hiriaren alde ageri dira: hiriko espazioak bete behar duten funtzioaren arabera banatuko dira, hots, lanerako, bizitzeko eta garraiorako; espazio zabal handiak izango dituzte (ohizko kalea desagertu egingo da); eta etxebizitzak bloketan bilduko dituzte. Planteamendu hauek gaizki interpretatu eta okerrago aplikatu ziren; ondorioz, hiri tradizionaletan etxebizitza-blokez jositako aldiriak hazi ziren; bide bertsutik Brasilia, Brasilgo hiriburu berria, eraiki zen 1960an, hiri-utopiaren porrota ekarri zuena.
XX. m.aren bigarren erdialdean herrialde garatuetan metropolia arintzeko hiri berriak sortu ziren, adibidez Erresuma Batuko New Towns, Frantziako Villes Nouvelles edota Siberiako zenbait kolono-hiri; baina hainbat tokitan ez zen arrakastatsua gertatu.
Demografiaren beherakada eta beste zenbait faktore direla medio, erronka berria sortu zaio egungo hirigintzari herrialde garatuetan. Honela bada, tokian tokiko ekintza puntualak (eraikuntzak birgaitzea) edo orokorragoak (gainbehera egin duten eremu industrial edo baztertuak berreskuratzea) burutu dira. Azken hauen adibide dira, besteak beste, Parisko La Défense, Sevillako La Cartuja edota Londresko Dokker.
Hirugarren Munduan hazkunde demografikoaren hartzaile nagusiak dira hiriak eta modu kaotikoan ari dira hazten, Mexiko Hiria kasu.
hirigune




Atzera