moderno
iz. eta izond. 1. Gaurkoa, egungoa; garaian garaikoa. Zientzia modernoak. XII. m.ko pertsona batentzat, gotikoa modernoa zen. 2. Jakintza edota teknikaz mintzatzean, berrikitan eginiko aurrerapenez baliatzen dena. Erosotasun modernoak. 3. Aro Modernokoa edo hari dagokiona. 4. HIST. Ik. Aro Modernoa.
ART. XIX. mendearen amaieran hasi eta XX. mendean garatuko ziren pintura, eskultura, arkitektura eta oro har arte grafikoen mugimendu berriek eta hauen teoriek modernotasuna esan ohi dena ekarri zuten, nagusiki, forma eta konbentzio tradizionalak, akademikoak eta historikoak apurtzea egoera sozial eta intelektual berriak proposatuz. Frantziako inpresionistek apurtu zuten lehenik naturaren ikuspegi akademikoarekin, eta hauen ondoren etorriko ziren artea goren mailara eraman zuten mugimenduak: neoinpresionismoa, sinbolismoa, art nouveau, fauvismoa, kubismoa, futurismoa, espresionismoa, suprematismoa, konstruktibismoa, dadaismoa, surrealismoa, abstraktua, pop arte, art brut, minimalismoa eta beste. Mugimenduok oso lotuak egon dira Mendebaldeko garapen ekonomiko eta teknologikoari eta, era berean, sentsibilitate berezia erakutsi dute Mendebaldekoak ez diren kulturak ezagutu eta haiekin nahasteko. Mugimenduotatik, zalantzarik gabe, abstraktua izan da garrantzitsuena, hau da, arte ez-objektiboa, bere aldaera guztiekin. Honetan ere argazkiaren garapenak eragin zuzena izan du, errealitatearen irudikatze mekanikoak askatu egin ahal izan baitu artistaren irudimena, teknizismotik haratago. Teknika, zer esanik ez, funtsezkoa izan da XX. m.ko arkitekturaren bilakaeran: material berriak ekarri ditu, etxe orratzak egiteko aukera eman du, multzoak handitu ditu eta, azkenik, industria-bizimodua-natura elementuen arteko oreka zailari hainbat proposamen berri ekarri dizkio.
Atzera