arkitektura
iz. 1. Eraikuntzak egiteko arte eta teknika; herri, garai, estilo edo egile baten arkitektura-obren multzoa. 2. (hed.) Egitura. 3. INFORM. Sistema informatiko baten osagaien antolakuntza.
Historian zehar gizarte eta zibilizazio desberdinek izandako garapena hobekien adierazi edo isladatzen duen giza ekintza da arkitektura. Hiru faktore nagusik erabaki dute arkitekturaren bilakabidea. Lehenik, une historiko bakoitzean eraikuntza-teknikak eta materialek eskaintzen duten aukera; bigarrenik, eraikinak duen funtzioa edo eginkizuna eta hirugarrenik unean uneko arte-joerak. Hiru elementuok, teknikoak, sozialak eta estetikoak, batera konbinatuz eta mendeetan zehar elkarri eraginez eratu dituzte arkitektura-aldi desberdinak.
Arkitekturaren hastapenak, eraikuntzak egiteko artea eta zientzia bezala ulerturik, tenplu-dorre sumertarrak, ziguratak, edota Egiptoko piramideak bezalako eraikuntza zaharretan aurki daitezke. K.a. VI. milurtekoaren inguruan hasi zen garatzen. Egipton K.a. III. milurtekoan hilobi-monumentuak agertu ziren. Bi material erabili ziren nagusiki: adoba hiri eta herrietako eraikin arruntetan eta harria hilobi eta tenpluetan. Arkitektura sinplea zen, arkitrabez osatua: euste-elementuen, koloma eta zutabeen, gainean lauzak bermatzen ziren; ez zegoen gangarik. Mesopotamia eta Iranen arkitektura-egiturak garatu eta berritu egin ziren. Arkua eta ganga erabili ziren, geroago erromatarrek Mendebaldera eramango zituztenak. Hiri-arkitektura biziki garatu zuten, Babiloniako harresiak eta Persiako jauregiak kasu.
Ekialde Urrunean hiru kultura klasiko nagusi garatu ziren, Indiakoa, Japoniakoa eta Txinakoa. Indian Mohenjo-Daron aurkitu diren aurriek duela 5.000 urte arkitektura aurreratuta zegoela erakusten dute. Geroago, K.a. III. mendeaz gero, zibilizazio budista loratu zen. Garai hartako eraikin arruntenak stupak eta harrizko mendiak zulatuz egindako monasterioak izan ziren. Txinako arkitektura-aztarnarik zaharrenak K.a. II. milurtekoak dira. Zura eta adreilua erabili ziren nagusiki. Geroago, K.a. III. mendean eta harria erabiliz, Harresi Handia eraikitzen hasi zen, iparraldeko herrien erasoetatik babestearren. I. mendean budismoa Txinara iritsi zen eta orduan jaio zen eraikin txinatarrik ezagunena: pagoda. Japonian Txinan baino beranduago garatu zen arkitektura. K.a. V. mendean pinu-zura erabiliz tenplu xintoistak eraiki ziren. Geroago Txinako kultur eraginaren mende gelditu zen.
Grezian K.a. VII. mendera arte zura izan zen materialik erabiliena, baina harrezkero harria eta marmola nagusitu ziren, arkitektura greko klasikoari hasiera emanez. Grekoen eraikin nagusia tenplua izan zen eta tenpluetako arkitektura-elementuak izan ziren arkitektura-ordenak sortu zituztenak. Greziako penintsulan ordena doriarra garatu zen eta Asia Txikiko kolonietan ordena joniarra. Arkitrabea erabili zuten, arku eta gangarik gabe. Erroman hasieran kultura helenistikoaren eragina erabatekoa izan zen arkitekturan, baina aro kristauaren hasieraz gero berrikuntza nabarmenak egin zituzten, arlo teknikoan batez ere. Mesopotamian ikusitako arku, ganga eta kupula erabiltzen hasi ziren eta materialak ere hobetu ziren: adreilu egosia eta hormigoia erabili zituzten. Injinerutza-obra erraldoiak eta proiektu ikusgarriak gauzatu zituzten (akueduktuak, termak, anfiteatroak, antzokiak, garaipen-arkuak etab.). Kristau-arkitektura garatu zen ondoren; Erroman gurutze latindarreko oinplanoa erabili zen elizetan, Bizantzion gurutze grekoko oinplanoa eta kupulak nagusitu ziren bitartean.
Erdi Aroan arkitektura erromanikoa sortu zen Europan eta nagusiki eraikin erlijiosoetan, elizetan, gauzatu zen; gurutze latindarreko oinplanoa, eraikuntza osoa harrizko kanoi-gangaz estaltzea eta erdi-puntuko arkua gangaren egituran, nabeen arkuterietan nahiz fatxadetan dira erromanikoaren ezaugarri nagusiak. Erromanikoaren lekua estilo gotikoak hartu zuen, sendotasuna eta astuntasuna arinduz, eta argiari eta bertikaltasunari garrantzi handia emanez. Gurutze-ganga eta ojiba-arkua izan ziren elementu nabarmenenak. Errenazimentuan erromatarren ereduetara itzuli ziren; ikuspuntua landu zuten batez ere eta oreka eta simetria lortzen saiatu ziren. Elementu klasikoak berreskuratu ziren, hala nola ordenak eta tinpanoak. Bestalde, arkitektura zibila erlijiosoa adina garatu zen. Florentziako katedrala eta jauregiak eta Erromako San Pedroren basilika dira eraikin nabarmenenak.
XVII. mendearen hasieran arkitektura barrokoa agertu zen Europan. Argiari eta koloreari tratamendu berezia eman zitzaion, dinamismo nabarmena eta kontraste-aberastasuna eskainiz. Aldi berean masa geometriko handiak eta ordena klasikoak erabiltzen zituen klasizismoa izeneko joera garatu zen, Frantzian batez ere. Rococoak barrokoaren gehiegizko luxua arindu zuen eta, klasizismoarekin bat eginik, neoklasizismoari hasiera eman zion XVIII. mendetik aurrera, greko eta erromatarren eredu klasikoak berrezarri zirelarik. XIX. mendean estilo-nahasketa nagusitu zen. Industri iraultzarekin batera material berriak agertu ziren: altzairuak, hormigoi armatuak eta beirak aukera berriak ekarri zituzten, erabateko berrikuntza teknikoari bidea irekiz. Mende-bukaeran burdinan oinarritutako estilo modernista azaldu zen eta XX. mendearen hasieran razionalismoa jaio zen: teknologi aurrerapenez baliaturik, eraikuntza funtzionalak altxatu ziren. Le Corbusier izan zen horren bultzatzaile eta ordezkari ezagunena. Forma geometrikoak eta angelu zuzena nagusitu ziren. Bigarren Mundu-Gerraz geroztik teknologia eta funtzionaltasuna dira arkitekturan gehien lantzen diren alderdiak. Gaur egun ez dago joera nagusirik, eklektizismoa baita nagusi.
¥ Paisaje-arkitektura. Historikoki lorategi, parke, pasealeku eta antzekoekin lotu ohi da paisaje-arkitektura. Hala ere, gaur egun paisajea hirigintzaren kontzeptu orokorrean sartzen da, hirietan eraikinak eta espazio irekiak batera egituratu eta antolatzen direlarik. Diseinu-batasuna da helburua; hiriak ez du eraikin-multzoen eta espazio naturalen segida hutsa izan behar, batzuk besteetatik bereiziak. Aitzitik, espazio artifizialak eta naturalak batera harturik antolatu behar dira, batez ere hiri handietako inguruneari jite gizatiarragoa emateko.
Atzera