pinu
iz. BOT. Pinazeoen familiako eta Pinus generoko zuhaitz hosto iraunkor eta sarritan monoikoen izen arrunta. Adar bertizilatu samarrak, orratz-formako hostoak (azikulak) eta pinaziak babesten dituzten kono-formako sasifruituak (pinotxak) dituzte. Erretxinadunak dira eta zenbait espezieren zura oso erabilia da. • Aleppo pinu. Azikulak adarren muturretan eta binaka kokatuta daude. Eskualde mediterranearrean berez hazten da, eta lurzoru lehor eta beroetan oso ongi hazten denez, birpopulaketan asko erabili da (P. halepensis). || intsinis pinu. 50 m-raino hazten da eta azikulak hirunaka kokatuta daude. Jatorriz Iparramerikarra da eta birpopulaketan asko erabiltzen da (P. radiata). || itsas pinu. Binaka hazten diren azikulak ditu eta 40 m-raino hazten da. Arrunta da Bizkaiko itsasertzean (P. pinaster). || larizio pinu. 40 m-raino hazten da eta azikulak binaka hazten dira. Mediterraneoa inguratzen duten eskualdeetan hazten da (P. nigra). || mendi-pinu. 25 m-raino haz daiteke, baina normalean askoz ere txikiagoa izaten da. Azikulak txikiak eta sendoak dira eta binaka hazten dira. Pirinioetan, Alpeetan eta Iberiar mendikatean hazten da (P. uncinata). || pinu gorri. 40 m-raino hazten da eta binaka kokatuta dauden azikula berde-urdinxkak ditu. Berezkoa da Euskal Herrian, eta bere hazkuntza egurra ateratzearren bultzatu da (P. sylvestris).
Atzera