pintura
iz. 1. ART. Produktu koloratzaileen bidez objektu erreal edo asmatuak irudikatzean edo forma eta koloreen konbinazio ez-figuratiboak eratzean datzan artea; horrela egindako artelana. 2. Pigmentuak dituen hautsa edo likidoa, gainazal egoki baten gainean geruza mehetan zabalduz, gainazal hori babesteko edota edertu edo dekoratzeko erabiltzen dena. 3. Herri, garai, estilo edo egile baten pintura-obren multzoa. XVII. m.ko pintura holandarra.
ART. Pinturaren oinarrizko elementuak marrazkia, argia eta koloreak dira. Hiru dimentsioko objektu eta espazioek errealitatean sortzen duten efektua berdinduz, planoan irudikatzea perspektibaren eginkizuna da, eta marrazki-teknika hutsez gain, argi eta itzalaren erabilerak ere zerikusi handia du bolumen eta formen irudikapen errealistan. Pintura hiru euskarri nagusitan egin izan da: horman, oholean eta mihisean. Horman freskoa eta tenpera izan dira teknika erabilienak, eta gainerantzean, olio-pintura. Euskarri, material eta teknikak ugaritu egin dira aro modernoan. Historikoki, pinturak magia eta erritoekin lotutako historiaurreko horma-irudietan du jatorria. Antzinatean, Egipto, Grezia eta Erroman landu zen pintura bereziki, freskoan eta zeramika-piezen dekorazioan batik bat. Kontserbazio arazoak dituenez, Antzin Aroko pintura gutxi heldu da egundaino. Erdi Aroan monasterioetako izkribuetan eginiko miniaturen bitartez landu zen pintura gehienbat, baina eliz arkitektura erromanikoan ere erabili izan zen. Aro honen amaiera aldera, Jan Van Eyck maisu flandestarra olioa erabiltzen hasi zen, margoa bera bizituz eta xehetasunak zehaztuz. Gotikoan berriz murriztu egin zen hormetako pintura elizetan, leihoak eta ate zabalak ireki baitziren. Teknikaz eta konposizioaz, Errenazimentuan iritsiko zen pintura heldutasunera. Perspektibak ekartzen zituen arazoak gainditzen hasi ziren, eta freskoan margotzeari utzi gabe olio-teknika hedatu zen. Barrokoan, berriz, pintoreek irudimena askatu ahal izan zuten, errealitatea osotasun sakonagoetan irudikatuz, eta argiaren erabilera dramatikoa asmatu zuten. Neoklasizismoan eta erromantizismoan, gaiak eta estilo-aukerak markatuko dute pinturaren historia. Pinturaren lehen iraultza nagusia inpresionismokoek ekarri zuten XIX. m.aren hondarrean, XX. m.aren hasieran sortuko ziren abangoardia ugariren sustatzaile: fauvismoa, puntillismoa, kubismoa, surrealismoa, espresionismoa, eta beste. Joera hauen guztien ondorio gisa, errealitatearen irudikatze figuratiboa apurtu zen eta pintura abstraktua sortu. Esan liteke XIX. m.ra arte pinturak ez duela historiarik izan Euskal Herrian. Ordura arte sorturiko maisu bakanek atzerrian egin zuten lan eta ez da gure artean haien lanen eredurik. A.M. Lekuona hartu izan da euskal pintura esan ohi denaren aitzindari bezala. XIX. m.aren amaieran, artista gazteak Madrilera ez baina Parisera hasi ziren joaten eta korronte berriak txertatu ziren euskal pinturan, hala nola, inpresionismoa, berebiziko garrantzia izango zuena.
Atzera