foro
iz. 1. HIST. Antzinako hiri erromatarretan, herritarrak elkartzen ziren eremu irekia, hiriko gune komertzial, erlijiozko eta administratiboa zena. 2. (hed.) Arazo edo negozio publikoak tratatzen diren lekua.
Jatorriz edozein eraikin publikoren aurrealdeko eremua zen foroa. Hiriaren erdigune edo plaza nagusi bihurtzean, foroak aparteko garrantzia hartu zuen ez bakarrik herritarren bizitzan, baita hirigintzan ere: bertan kokatu ohi zituzten eraikin publiko eta erlijiozko nagusiak. Foroetan foroena Erroma hiriko Forum Romanum izenekoa izan zen, Errepublikaren garaiaren hasieran eraikia, Palatino eta Kapitolino izeneko bi muinoen arteko ibarra hartzen zuela. Gerora zabalduz eta handituz joan ziren eta inperioaren garaian beste hainbat monumentu eraiki zituzten inguruan; bertan diraute oraindik zutik Curia edo senatuak, Vestaren tenpluak eta beste zenbait tenpluk, Septimio Severoren garaipen-arkuak. Geroago bestelako foroak eraiki zituzten hirian: Trajanorena, Augustorena, Nervarena, Vespasianorena, denen artean Foro inperialak izeneko multzoa eratuz.
Atzera