Klasikoak

Euskal idazlan guztiak 1. Bertso berriak, berriketan, zinea eta adabakiak

Euskal idazlan guztiak 1. Bertso berriak, berriketan, zinea eta adabakiak
Egilea(k): Mitxelena, Koldo
Edizio Prestatzailea: Altuna, Patxi
Argitaletxea: Erein
Fitxa:

Lehen liburuki honek hiru zati ditu eta Egan-en lehen aldiz argitaratu zirenean egileak ipini zien izena darama bakoitzak: BERRIKETAN, ZINEMA, ADABAKIAK. 1954tik 1968ra bitartean agertu ziren ia guztiak. Lan bakoitzak orripean du agertu zeneko data eta orrialdea, norbaitek jatorrikoa berbera irakurri nahiago baldin badu, non aurki jakin dezan. Agertu ziren ordena berean tolestatu dira liburuki honetan.

BERRIKETAN izenekoek ez daramate azpian egilearen izenik; nahiago izan zuen izengoitipean bere burua ezkutatu, nahiz mundu guztiak zekien nor zen egiazko egilea. "Adiskide berri" zen izengoitia. Hamabi elkarrizketa dira guztira, beste hainbeste solaskiderekin, euskal kultura munduan gehixeago edo gutxixeago ezagunekin, Mitxelenak berak izana. Bat bakarra da solaskiderik ez duena, Mitxelena horretan bere buruarekin mintzo baita, Egan aldizkariaz hain zuzen. ETXEKOEKIN HIZKETAN izenburua duena da hori.

ZINEMA titulua (Egan-en ere izen horrexekin bataiatua) duen bigarren zatiak bere biziko ardura eta garrantzia du idazlearen barrunbea eta gizon maila ezagutzeko. Axaletik baizik ezagutzen ez zutenek ustegabeko Mitxelena bat idoroko duten agian filmen kritikaz ari den orrialde eder eta txairo hauetan. Hemen nabarmentzen dira bestetan baino areago Mitxelenaren barne ezkutuko gogoak eta usteak, irrikak eta erdeinuak, maitasunak eta gorrotoak, haren bihotzeko mugidak eta sentimenduak. Hirurogeita lau filmeren kritikak dira guztira, beste bat Buero Vallejoren Un seņor para un pueblo antzerkiarena baita. Urtez urte sailkatu dira, agertu ziren hurrenkera berean.

Liburukiaren azken zatiak ADABAKIAK du izena. Aski da esatea Egan-en irakurleek eskutitzez egiten zizkioten galderei erantzuten ziela sail honetan, bai eta berari sortzen zitzaizkion duda xeheei, artikulu luzerik merezi ez zutenei. Azken lana da guztietan luzeena -Bigarren adabakiak: zergatik bigarrenak?-, non suharki ari baita Egan-en eta Egan-eko zuzendarien eta bere jokabidearen alde eta Txillardegik idatzi zituenen aurka.

Koldo Mitxelena Literaturaren Zubitegian.

Luis Mitxelena: A Basque of International Fame, Gorka Aulestiaren artikulua. Basque Studies Program Newsletter · Issue 41, 1990. Ingelesez.