Klasikoak

Euskal idazlan guztiak 2. Liburuak I

Euskal idazlan guztiak 2. Liburuak I
Egilea(k): Mitxelena, Koldo
Edizio Prestatzailea: Altuna, Patxi
Argitaletxea: Ostoa/Etor
Argitalpen-urtea: 1988
ISBN: 84-85527-45-3
Orri-kopurua: 166
Fitxa:

Mitxelenak 1954tik 1960ra bitartean Egan aldizkarian argitaratu zituen urte haietako zenbait euskal liburuaren iritziak edo kritikak daude bigarren liburuki honetan. Urtez urte, hobeki esan, aldizkariaren alez ale, agertu ziren ordena berean bildu dira eta hurrenez hurren tolestatu, hori bai: guztiak euskara batura iraulirik. Liburuen hizkera aztertzen du batik bat, liburuak itzulpenak direnean; liburuen muina eta mamia, idazleek bere baitatik asmatuak eta onduak; liburu zaharren baten edizio berria denean, aldiz, antolatzaileak testu zaharrari erakutsi dion lotsa eta begiramena.

Liburuen alde onak eta txarrak, dohainak eta akatsak jotzen ditu begiz eta horien arabera laudorioak edo erdeinuak parrastaka barreiatzen. "Kritikoak egia zor dio idazleari" esango digu eta Mitxelenak bere egia estalkirik gabe aitortzen du, beti arrazoi sendo eta pisuetan oinarrituz.

Liburuki honetako eta hirugarreneko orrialdeetatik atera lezake aise ikerlari trebeak Mitxelenaren Historia de la literatura vasca berrargitalpenaren bigarren zatia. Historia zahar horrek azken hogeita hamar urte honetako idazleak eta lanak izu-zafarradan eta lehian bezala hamar orrialdetan barrena arakatzen dituenez gero, horien guztien idazlanen azterketa sakonagoa aurkituko du ikerlariak bi liburuki hauetan. "Orixe" eta "Lizardi", Kerexeta eta aita Olabide, Etxaide, Erkiaga, Zaitegi, "Txillardegi" eta abar. -bakar batzuk bakarrik izendatzearren- ikusiko ditu lerroz lerro igarotzen Mitxelenaren begi erne eta zolien aurretik.

Egunen batean ikerlan sakonagoa egin nahiko duenari laburkiro bildurik ezarri dizkio hemen edizio honen prestatzaileak Mitxelenaren irakaspen nagusi eta giltzarri gisakoak direnak. Bi dira horiek: euskara eta eleberria. Liburuki honetan bi horiez iraultzen dituen burutupenak aurkituko ditugu.

Koldo Mitxelena Literaturaren Zubitegian.

Luis Mitxelena: A Basque of International Fame, Gorka Aulestiaren artikulua. Basque Studies Program Newsletter · Issue 41, 1990. Ingelesez.