Klasikoak

Euskal idazlan guztiak 3. Liburuak II

Euskal idazlan guztiak 3. Liburuak II
Egilea(k): Mitxelena, Koldo
Edizio Prestatzailea: Altuna, Patxi
Argitaletxea: Mensajero-Gero
Argitalpen-urtea: 1988
ISBN: 84-7086-233-2
Orri-kopurua: 180
Fitxa:

Hirugarren liburuki hau bigarrenaren segida eta osagarria da. Hemen ere, han bezala, euskal liburuaren kritikak daude, azkena izan ezik beste guztiak 1960tik 1967ra Egan-en agertuak. Guztira ehun eta berrogeita hamar libururen kritikak! Ez ziren guztiak euskaraz idatziak, gehienak bai, ordea, eta guztiak euskal munduari eta kulturari zihoazkionak.

Kritika honen gainean lehen esana errepikatuko dugu hemen: gutxienez azken mende honetako eta are aurrekoaren bigarren erdiko euskal literaturaren mugarri nagusiak daude orrialde horietan landatuak, berak 1960an argitara eman zuen Historiaren osagarri ezin hobea. Gauza jakina da hori inprimatu zion argitaletxeak eskatua ziola azken urteetan bigarren edizioa eta, zegoen zegoenean berriz ager zedin nahi ez zuelarik, gehigarria eta zuzengarriak prestatzen ari zela; hil ondoan, ordea, paper horiek ez agertzen eta, lehenbizikoa berbera berriz inprimatu zutela etsi-etsian. Bada, edizio honen prestatzailearen ustez bi liburuki hauetan dago lehen edizio hark eskas zuena. Aski litzateke ehun eta berrogeita hamar liburu hauen kritika moldeetan isuri eta irauli dituen iritziak eta gogoetak, xedeak eta asmoak, usteak eta burutazioak bildu, antolatu eta sailkatzea Historia haren hutsuneak osatzeko eta betetzeko.

Bigarren liburukiaren bixkia da nolazpait hirugarren hau, segida eta osagarri ez ezik. Han eta hemen berdintsua da Mitxelenak ematen digun mandatoa edo mezua. Lelo berberak darabiltza bietan, doinu soilik aldaturik idazle bakoitzaren dohainen eta liburu bakoitzaren muinaren arabera.

Koldo Mitxelena Literaturaren Zubitegian.

Luis Mitxelena: A Basque of International Fame, Gorka Aulestiaren artikulua. Basque Studies Program Newsletter · Issue 41, 1990. Ingelesez.