Klasikoak

Euskal idazlan guztiak 6. Hizkuntzalaritzaz I

Euskal idazlan guztiak 6. Hizkuntzalaritzaz I
Egilea(k): Mitxelena, Koldo
Edizio Prestatzailea: Lakarra, Joseba Andoni
Argitaletxea: Kriselu
Argitalpen-urtea: 1989
ISBN: 84-7086-232-4
Orri-kopurua: 208
Fitxa:

HIZKUNTZALARITZAZko bi liburukiotan bildu dira euskalaririk gailenenak bere ama-hizkuntzan, urteak joan urteak etorri, ondu zituen alor honetako lanak.

"Euskararen bide luze bezain malkarra" izeneko artikuluak irekitzen du HIZKUNTZALARITZAZko bi liburukiotako lehena. Bertan Euskaltzaindiaren Liburu Zuriaren atari gisa laburbiltzen da euskaren historiaren mugarri eta garai nagusiei buruz dakiguna, ez bide batez iragan horrek egun bereon nola baldintzatzen, onerako eta ez hain onerako baldintzatzen gaituen, markatu gabe. Bere laburrean euskararen historiaz denik sarrerarik hoberenetakoa dugu, eta halaber, oraintxe bizi duen egoera diagnostikoa gainera etorkizunera begira beharrezko dugun zuhurtasun gomendio.

"Euskara eta euskararekiko ikerlanak (1700-1880)" eta "Campiónen Gramática eta beste" euskalaritzaren historiaz egindako ekarpen eta eredu dira.

"Linguistika berriaren berri onak" alderdi askotarik begitantzen zaigu aipagarri. Hasteko, Mitxelenaren euskaldunenganako hizkuntzalaritzazko maisugo eta gidaritzaren lekuko nabarmena baita eta bestetik, ukitzen dituen gaien aldetik, alegia, orduantxe pil-pilean zebiltzanak arloaren ikergune aitzinatuenetan.

"Orixe"-ren Euskaltzaindiko Sarrera hitzaldiaren ihardespena irakurgarri gertatzeko zioak sobera dira, azentuaren gai irristakorra bera atzendu gabe. Pello Salabururen Euskaltzaindiko Sarrera hitzaldiaren erantzunean, bestalde, Chomsky-ren hizkuntzalaritzaren, kritika, ustez erabatekoa ausartua zen Mario Bunge filosofoaren zenbait baieztapen dira kritikagai, euskaltzain berriak jorratu gaiaren osagarri.

"Euskararen izterlehengusuak direla eta" artikulu laburrean euskara eta Kaukasoko hizkuntzen arteko ahaidetasuna ikertu nahi zuen lan agertu berri baten kritika zorrotza dugu.

Euskal Hizkuntza Atlaserako diren zailtasun eta oztopoak eta haiek garaitzeko zenbait bide erakusten dituen "Euskalkien ageriko aurpegia"-ren ondoren morfosintasiari dagozkion lau lan ditugu buruenik. Dagoeneko klasiko bilakatua den "Galdegaia eta mintzagaia euskaraz", "Eratorbide eta deklinabidea", "Gabriel Arestiri" eta "Esaera zahar baten bigarren agerraldia".

Koldo Mitxelena Literaturaren Zubitegian.

Luis Mitxelena: A Basque of International Fame, Gorka Aulestiaren artikulua. Basque Studies Program Newsletter · Issue 41, 1990. Ingelesez.