Klasikoak

Euskal idazlan guztiak 7. Hizkuntzalaritzaz II

Euskal idazlan guztiak 7. Hizkuntzalaritzaz II
Egilea(k): Mitxelena, Koldo
Edizio Prestatzailea: Lakarra, Joseba Andoni
Argitaletxea: Erein
Fitxa:

HIZKUNTZALARITZAZko bigarren liburuki honetan bi zati handi ditugu: hiztegigintzako saioak batetik eta euskararen batasunari dagozkionak bestetik, biei eskaini baitzien Mitxelenak hainbat lan eta neke.

Hogeita hamar urtetik gora aritu da Mitxelena lexikografi zereginetan. Hasiera batean XX. mendeko euskalariak oro bezala bere bestelako ikerketetarako gai bila hurbildu zelarik fite egin zen etxeko eta are nagusi euskalaritzaren eremu honetan, Euskaltzaindiak Azkueren edizio berritua prestatzeko kargutu ere zuelarik.

Aurrekoen lanak, hiztegi eta hiztegigileen aitzingibelak errotik ezagutzen zituela erakusten digu Ibon Sarasolaren Hauta-Lanerako Euskal Hiztegiaren aurkezpenean eta "Euskal Hiztegigileak XVII eta XVIIIgarren mendeetan" aitzineko bi artikulu ugarietan.

"Aita Larramendiren ehunurteurrenean (1690-1766)" eta "Azkue eta Euskal hiztegia" izenburudunetan, bere aurretiko bi hiztegigile handienen heriotza eta jaiotzaren -hurrenez hurren- mendeurrenen ospakizunak direla onduak; egokiera ederra irakurleria ez-berezituari haien berri labur bezain zuzena emateko.

"Euskaltzaindiaren euskal hiztegiaz"-en erakunde horrek egin beharko lukeenaren egitasmo zirriborroa dugu eta "Orotariko euskal hiztegiaz"-en proiektuaren zernolakoaren aurkezpena. Ondorengoek ("Beharki Leizarragaren Testamentu berrian"-ek aipatuki) euskal hitz batzuen esanahia finkatzea dute helburu: "Gorputz eta soin"-ek, haatik, hitzak berak baino hitzoi buruz izan diren iritzi eta eztabaidak ditu aztergai.

Hurrengo hirurekin ("Egunak eta egun izenak", "Apodaka", "Iruņea") burutzen da sail hau. Hauetan hiztegigintzaren auzoko hurbil, zordun eta hartzekodun, den etimologi jardunean murgildurik dakusagu Mitxelena.

Euskararen batasuna ukitzen dute artez eta antzez ondorengo saioek ("Euskal hitzak zein diren", "Euskararen batasun bideak", "Aditz batuaz", "Arantzazutik Bergarara", Euskal hitzez jatorriz eta itxura desberdinaz", "Hitz mailebatuez" eta "Mailegu berrien idazkera"-k). Mordoa izaki ez ditugu, halere, egileak helburu horri zuzendu zizkion lan eta nekeen isla osoa, Artikuluak eta besten ere franko ediren ahalko baititugu nahiz zeharkako eta bidebatezkoak alde bat utzi.

Koldo Mitxelena Literaturaren Zubitegian.

Luis Mitxelena: A Basque of International Fame, Gorka Aulestiaren artikulua. Basque Studies Program Newsletter · Issue 41, 1990. Ingelesez.