Klasikoak

Euskal idazlan guztiak 8. Artikuluak eta beste I

Euskal idazlan guztiak 8. Artikuluak eta beste I
Egilea(k): Mitxelena, Koldo
Edizio Prestatzailea: Sarasola, Ibon
Argitaletxea: Labayru Ikastegia
Argitalpen-urtea: 1989
ISBN: 84-86833-09-4
Orri-kopurua: 200
Fitxa:

ARTIKULUAK ETA BESTE zatiak, bildumaren bi azken liburukiak, zortzigarrena eta bederatzigarrena, hartzen ditu. Bertan, Mitxelenak euskal aldizkarietan plazaratu zituen artikuluak eta han-hemen argitara zituen askotariko sarrera, aurkezpen, saio eta abar bildu dira. Hortaz, zati hau da bilduman batasun ahulena agertzen duena, honetara ekarri baitira nora ezean beste zatietan lekurik ez zuten hainbat idazlan.

Zati honetako zenbait idazlanetan agertzen da, bestetan baina nabariago beharbada, Mitxelenaren idazte-nortasunaren alde nabarmenetako bat: polemikarako zuen ixuri eta gaitasun berezia eta, horren lagungarri, bere idazkerak hainbatetan ager zezakeen indar, ahalmen, zalutasun eta are zakartasun -ez zakarkeria- bortitza. Baina oroz gainetik, hemen, bildumako gainerako zatietako idazlanetan zehar bezala erakusten zaiguna hau da: norainoko eraginkortasuna izan dezakeen hizkuntza batek hura benetan ondo dakien hiztun edo idazlearen eskuetan.

Zati honetako lehen sailean, Mitxelenak oraindik Zeruko Argian, Anaitasunan eta Deian argitara zituen artikuluak biltzen dira. Idazkera biziz -biziegiz, aukeran, norbaitentzat- ematen ditu aldian aldiko eta bertako nahiz kanpoko gertaerek, esanek edo idatziek eragin dizkioten gogoetak.

Bigarren sailean, lau euskaldunen -Orixe, L. Eleizalde, E. Txillida eta J. M. Barandiaranen- nortasunaz bere ikuspuntua agertzen duen lau idazlan bildu ditugu.

"Hil ondokoak" izenburupeko hirugarren sailean bildu diren artikuluetan, etxeko eta kanpoko gizakumeez mintzatzean, Ibiņagabeitiagandik hasi, eta Baroja eta Martin Santos-gan zehar Tovarrengan buka zer aurkitzen duen horiengan eredugarri adierazten digunean, bere nortasunaz eta euskaldungoa eta mundua ikusteko bere moduaz mintzatzen zaigu batez ere, halabeharrez ezinbestean.

Ez dira, noski, gutxi izan Mitxelenaren atariko edo aurkezpen bat sarreratzat dutelarik kaleratu diren Euskaltzaindiaren nahiz besteren txosten edo ikerlanak. Horrelako zenbait, beste sailen baten gaia bete-betean hartzen ez zutenean, "Atariko gisakoak" sailean bildu dira, kideko beste zenbait idazlenekin batean.

"Saio gisakoak" izenburua daraman bostgarren sailean, euskaldungoari buruz mamitu zituen hainbat idazlan luze bildu dira.

Koldo Mitxelena Literaturaren Zubitegian.

Luis Mitxelena: A Basque of International Fame, Gorka Aulestiaren artikulua. Basque Studies Program Newsletter · Issue 41, 1990. Ingelesez.