Klasikoak

Euskal idazlan guztiak 9. Artikuluak eta beste II

Euskal idazlan guztiak 9. Artikuluak eta beste II
Egilea(k): Mitxelena, Koldo
Edizio Prestatzailea: Sarasola, Ibon
Argitaletxea: Ostoa/Etor
Argitalpen-urtea: 1988
ISBN: 84-85527-44-5
Orri-kopurua: 165
Fitxa:

Aurreko liburukiaren bosgarren sailaren segida honetan ere, euskaldungoari buruz mamitu zituen hainbat idazlan luze bildu dira.

Seigarren sailean Mitxelenari egin zizkioten elkarrizketak bildu nahi izan dira. Bertan irakurleak bestetan ere aurkitu dituen gaiak aurkituko ditu eta horiez gainera bere gisa eta euskaldunon nortasunaz osokiago jabetzeko hainbat jakingarri. Eta orobat haren ahozko jardunarekiko hurbilbide interesgarria, bereziki hil baino egun batzuk lehenago Argia-koek egin zioten elkarrizketa luze eta zabalean barrena.

Zazpigarren sailean, "Motivo espaņol" bere kabuzko kontaketa bat azaltzen dugu, lehen idaztaldia 1947an espetxean izan eta Egan-en 1977an argitaratu zuena. Horrekin batera argitaratu zituen bi ipuinen itzulpena ere aurkezten ditugu. Lehenak, "Azken ordukoak"-en kontatzen duenez Ander Arzelusen azken orrazketak burutu zuena, badu ere bere presondegi-bizialdirekin zer ikusirik. Bigarrenaz, egia esan, ez dakigu gauza handirik.

Zortzigarren saila Pierre Volboudt erti-kritikoak Txillidari buruzko liburu bati sarrera gisa egin zion saio luze baten euskal itzulpenak osatzen du. Volboudt-en saio zailaren (hitzaren lehen adieran) euskaratze honek axola berezi du, aurreko belaunaldiak alor horretan burutu duen lanik interesgarrienetako bat baita. Arte-kritikako saio guztiak bezala, Volboudet-en testua ez da testu tekniko edo zientifikoa; zientzi eta teknika hiztegiei ostutako hitzez moldaturiko testu poetiko bat da.

ARTIKULUAK ETA BESTE sailari buru emateko, Mitxelenak moldatu zuen azken artikuluetako bat hautatu dugu, "Gipuzkoarra naiz" izenburukoa hain zuzen. Inondik ere probintzian zertzen ez zen bere abertzaletasunaren neurri egokia ematen baitu.

Koldo Mitxelena Literaturaren Zubitegian.

Luis Mitxelena: A Basque of International Fame, Gorka Aulestiaren artikulua. Basque Studies Program Newsletter · Issue 41, 1990. Ingelesez.