Klasikoak

Zenbait hitzaldi

Zenbait hitzaldi
Egilea(k): Mitxelena, Koldo
Edizio Prestatzailea: Letamendia, Juan Antonio
Argitaletxea: Ostoa/Etor
Argitalpen-urtea: 1990
ISBN: 84-85527-68-2
Orri-kopurua: 108
Fitxa:

Denbora luzea igaro da hitzaldi hauek lehen aldiz argitaratu zirenetik. Liburuaren sorrera berezia izan baitzen, sorrera horretaz berorretaz mintzatuko gara berriro, edota sorreraren inguruko giro eta baldintzez nahiago bada.

Hitzaldi hauek oso kinka jakinean antolatu ziren eta hain zuzen ere garai horren ondorio eta lekuko izatea ez dela liburu honen baliorik txikiena esango genuke. Eta momentu hura kokatzeko perspektiba hobea dugu orain orduan baino.

Euskarari dagozkion ikasketa unibertsitariek oso historia laburra dute hemen, eta hain aspaldi ez delarik hizkuntza gai orokorrak ikasi nahi zituen euskaltzaleak ere kanpora joan behar izaten zuen. Hemen ez zegoen aukera ez euskal filologiarik eta ez bestelakorik ikasteko.

1968ko udazkenean edo, Deustukoari lotua, hasi zen Donostiako EUTGn filologia hispanikoa. Programako gaiak ez ziren inondik ere hutsalak euskara helburu zuen batentzat. Euskara ere ematen zen "lingüística regional" izenpean baina ordu haiek ez ziren nahikoak. Dena den, begien bistan dago ikasketa haiek euskal letretara ekarri zuten emaitza onurakorra: handik laster euskal filologiazko ikasketak, pribatuak eta publikoak, goi mailako fakultateetan, magisterio eskoletan eta abar antolatu ziren. Beraz, ikasketa haien inguruan ikasle eta irakaslego euskaltzale bat bildu zen, gero etorriko zenaren giro, premia eta baldintzen sortzaile. Ordukoxea dugu liburu hau ere, eta erdaraz eman zirenak euskaraz argitaratu izana ere, onerako zein txarrerako, orduko giroari zor zaio.

Linguistika tradizionala, gramatika historikoa, estrukturalismoa, gramatika sortzailearenak e.a. han ikasten ziren gaiak ziren, jakina, eta hori zela eta bertako irakasle arduradunek gai hauetaz Mitxelenak hitzaldi trinko batzuk emateari ongarri iritzi zioten. Horrela bada, 1970eko uztailean eman zituen Mitxelenak hemen biltzen diren hitzaldiak.

Lehendabizko argitaraldian gertatu zen bezalaxe, honetan ere hizkuntz tipologiaz ziharduen azken hitzaldia sartu gabe geratuko da zintako pasarte ilunak, hutsarteak eta oker adituak garantia osoz nork argitu eta osatu izan ez delako.

Koldo Mitxelena Literaturaren Zubitegian.