Klasikoak

Bergiliren Unai eta Alor-kantak

Bergiliren Unai eta Alor-kantak
Egilea(k): Ibiņagabeitia, Andima
Edizio Prestatzailea: Ruiz Arzalluz, Iņigo
Argitaletxea: Mensajero-Gero
Fitxa:

Antzinateko klasikoen itzulpenak batez ere bi gauzatarako egin izan dira literatura guztietan: Grezia eta Erromako idazleak jatorrizko hizkuntzetan irakur ezin zitzaketenek dasta zitzaten, eta irakurle hauen hizkuntzak bere historiako hiztun eta idazleen letretarako gabezia hobengabe paira ez zezan. Hemen argitaratzen den Virgilioren Unai eta alor-kantaken itzulpen hau ere bi helburu horietako bigarrena betetzeko jaio zen, eta orain -inoiz baino gehiago behinik behin- lehenengoa ere bete dezakeelakoan gaude.

Ibiņagabeitiaren bi itzulpen hauek bere garaian harrera ona eduki zuten. Hizkuntzaren inguruko garaiko istiluak gogoan izanda, une hartan kontrato iruzkinik ez izatea bera ordukoen harrera onaren seinaletzat jo liteke. Izan ere, ez zen arrazoirik, orain ere ez dagoen bezala, aurkako kritika kaskarrena ere jasotzeko.

Hemen apailatzen den testua 1966ko abenduan Publius Virgilius, Idazlanak osorik zioen azalarekin Bilbon argitaratu zena da: Alor-kantak-en kasuan ezinbestean, hori bait da itzultzailea bizirik zirauela inprimatu zen bertsio bakarra; Unai-kantak-ean, berriz, itzultzaileak prestatu eta zuzendu zuen azken testua delako.

Ibiņagabeitiaren beste izkribu askorekin bezala, Unai-kantak eta Alor-kantak-en kasuetan ere 1966. urtean argitaratu ziren testuetaraino daramaten bertsioak -edo bertsio batzuk bederen- gordetzen dira. Liburuaren prestatzaileak bi testuen ediziorako oinarritzat hartu duen testua ordea 1966koa da, esana dagoen legez, itzultzailearen azken borondatea islatzen duena delako edo gutxienez hortik gertuen dagoena delako. Unai-kantak-en kasuan, halere, 1954-1955eko bertsioa kontuan hartu nahi izan du, eta are horren aldaera gehienak aparatu kritikoan eman ere bai: alde batetik hori ere bukatutzat izan zuelako garai batean Ibiņagabeitiak; bestaldetik honen ondoan 1966koa batzuetan deterior delako, dudarik gabe ezin izan zuelako inprimaketa hurbiletik zuzendu.

Ibinagabeitia Literaturaren Zubitegian.