Arias Yebra, Amable
Pintore gipuzkoarra, jatorriz leondarra (Bembibre, Leon, 1930 - Donostia, 1984). Parisen informalismoarekin harremanak izan zituen. Donostiara itzuli zenean berrikuntza artistikoaren sektore dinamikoenarekin harremanetan jarri zen; Gaur artista-taldearen sortzaileetako bat izan zen (1966). Donostian egin zuen bere lehen erakusketa (1958), ondoren Madril eta Parisen ere egin zituelarik. Beste artista batzuekin batera Barandiaran galeria sortu eta sari ugari jaso zituen. Bilakaera artistikoaren ondorioz, antipintura eta kutsu amerikarreko pintura itsusizalera iritsi zen; elkarren artean loturarik ez duten pertsonaia txikiak margotu zituen. Pertsonaia errealak baino areago karikaturak ziren: tripandiak edo meharrak, sudurrik gabeak, kapeladunak, etab. Pintoreak, pesimismoaren ikuspegitik, jendea irudikatzeko modua zen hori. Honetaz gain, grabatuak, olerkiak eta ipuinak ere egin zituen (Naranja y amarillo, olioa 1975).
Atzera