Koch
Argazkilari-familia gipuzkoarra, jatorriz alemaniarra. - Willy (Solingen, 1879 - Donostia, 1950). Donostian finkatu (1901) eta Euskal Herriko argazkilarien aitzindarietako bat izan zen. Donostiako txirrindulari-elkarteko lehendakaria ere izan zen. - Sigfrido (Donostia, 1908-73), aurrekoaren semea. Gerra Zibilean Alemaniara atzerriratu zen (1936); bertan mobilizatu eta frontera bidali zuten. Estatubatuarrek preso hartu zuten, baina ihes egin eta Suitzara iristea lortu zuen. Euskal Herrira itzuli eta argazkigintzara erabat emanik sari ugari jaso zituen, epe laburrean ospe handia lortuz. Bere argazkirik hoberenak Pais Vasco. Guipuzcoa liburuan daude bildurik (1948). Halaber, eskubaloiko federazioko lehendakaria eta kirol honen bultzatzailea izan zen. - Sigfrido (Donostia, 1936-92), aurrekoaren semea. Bartzelonan ikasi eta Europako hainbat herrialdetan lanean ibili zen. "Gure mendeko pintura" bezala definitu zuen artea ezagutarazi zuen erakusketa asko antolatuz. Montevideon, nazioarteko argazkigintza publizitarioaren lehen saria jaso zuen (1980). Argazkigintzari buruzko ikastaroak eman, bideoak egin eta sei liburu argitaratu zituen: Museo de San Telmo, 1976; Euskalerria Neure Ametsa, 1977; Itsaskaria, 1979; Misterios de Vizcaya, 1981; Txakolina, 1985 eta Gaviota, 1987; betiere bere argazkiak olerki eta hizkuntza literarioarekin konbinatuz.
Atzera