familia

iz. 1. Ahaidetasun hurbilak lotzen dituen kideen multzoa, berez etxe berean bizi direnak; bereziki gurasoek eta seme-alabek osatzen dutena. 2. Seme-alabak. Gaur hil den gizona, familiaduna; hiru umezurtz lagatzen ditu. 3. Belaunez belauneko ondoreen segida, leinua. 4. (hed.) Nolabaiteko loturak elkartzen dituen lagun edo gauzen multzoa. 5. BIOL. Bizidunen sailkapenean, erlazionatuta dauden generoz osatutako taxonomi taldea, ordena baten barruan sailkatzen dena. • hizkuntz familia. HIZKL. Hizkuntza batetik eratorritako hizkuntzek osatzen duten multzoa.
HIST. Kultura gehienetan familia da egitura sozialaren oinarria. Erregimen ekonomikoak, tradizioak eta ohiturek agindu ohi dute familiaren forman, baina, normalean, lokarri biologiko eta emozionalek elkartutako pertsonek osatzen dute. Bereziki nekazari-komunitateetan produkzio-unitatea osatzen zuen tradiziozko familiatik, nagusiki kontsumo-unitatea den familia modernora igaro gara.
Familia monogamoa gizon bakarrak, emakume bakarrak eta izan ditzaketen seme-alabek osatzen dute. Poligamoa, berriz, Asiako eta Afrikako kulturetan ohizkoa dena, gizon bakarrak eta hainbat emakumek (islamismoan gehienez lauk) osatzen dute edota emakume bakarrak eta hainbat gizonek, kasu hau askoz bakanagoa izanik. "Oinarrizko familiak" bi belaunaldi bakarrik hartzen ditu (gurasoak eta seme-alabak) eta "klan edo multzo familiarrak" etxe berean bizi diren hiru belaunaldi gutxienez (aiton-amonak, gurasoak, seme-alabak, osaba-izebak, etab.). Bertako partaideek elkarrekiko betebehar eta eskubideak dituzte eta bata bestearekiko dependentzia handia izan ohi da. Garapen-bidean dauden herrialde askotan senitarteko partaideen arteko elkartasuna da gizarte-segurantza bakarra (gaixotasunean, istripuan, nahiz heriotzan).
Mendebaldeko familiaren eredua gizon batek eta emakume batek osatzen dute, biak lokarri emozional eta sexualek elkartuak eta seme-alabak mantentzeko erantzukizunarekin. Elkarketa hau ez da beregainekoa, komunitateko zerbitzuen baitan baitago (gizarte-segurantza, seme-alaben heziketa, etab.) eta ez du aurreko belaunaldietako familietan bezalako harreman-modurik ere; askoz elkartuago zeuden haiek. Aldiz, partaide bakoitzak famili giroa gainditzen duen gizarte-bizitza propioa du.




Atzera