Tolosaldea
Gipuzkoako HE-ko eskualdea, Nafarroako mugan; 345 km2, 44.277 bizt. eta 29 udalerri: Abaltzisketa, Aduna, Albiztur, Alegia, Alkiza, Altzo, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Baliarrain, Belauntza, Berastegi, Berrobi, Bidegoian, Billabona, Elduain, Gaztelu, Hernialde, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Larraul, Leaburu, Legorreta, Lizartza, Orendain, Orexa, Tolosa eta Zizurkil. Oria ibaiak zeharkatzen du; Amezketa, Araxes, Zelai, Asteasu eta Leitzaran ditu adar nagusiak. Mendi nagusiak: Txindoki (1.346 m), Balerdi (1.197 m), Hernio (1.075 m), Urdelar (852 m) eta Uzturre (730 m). Klima ozeanikoa du: epela eta hezea urte osoan. Industria (metal-industria, papergintza, makineria, larruzko artikuluen fabrikazioa, ehungintza, zurgintza) eta eraikuntza dira ekonomi jarduera garrantzitsuenak. Lizartzan ur minerala botilaratzeko lantegia dago. Zerbitzuen gune nagusia Tolosa da (merkataritza, osasun-zerbitzuak, banketxeak, ostalaritza). Nekazaritzaren eta abeltzaintzaren guneak, berriz, Alkiza, Altzo, Larraul, Hernialde, Ibarra, Elduain, Orexa eta beste udalerri txikiak dira (babarrunak, piperminak, barazkiak, etab.).
Atzera