Zubiaurre Agirrezabal

Pintore bizkaitarrak. - Ramon (Garai, 1882 - Madril, 1963). Gor-mutua zen jaiotzez. San Fernando Arte Ederretako Akademian ikasi zuen (1894); Euskal Herriko paisaje naturalistak pintatzen hasi zen. Ikasketak amaituta Paris eta Italian ibili zen anaiarekin (1902). Arte Ederretako Erakusketa Nazionalean ohorezko aipamena izan zuen Retrato de don Juan Moyeros lanarekin (1904). Ondoren estiloa aldatuz joan zen modernismoaren eta Zuloaga pintorearen eraginez; kolorearen erabilera aldatzearekin batera naturalismoa bazter utzi eta Gauguin eta Denis-en estilora hurbildu zen. El marino vasco Shanti And'a, el temerario lanarekin Arte Ederretako Erakusketa Nazionaleko lehenengo domina jaso zuen (1924). Ameriketan asko bidaiatu zuen eta bertan ikusitakoak pintatu zituen: rodeoak, festak, Hego Amerikako indiarrak, etab. - Balentin (Madril, 1879-1963), Ramonen anaia. Gor-mutua zen jaiotzez. Madrilgo San Fernando Akademian ikasi zuen; pintura-ikasketak amaitutakoan Europan barrena bidaiatzeari ekin zion anaiarekin. Arte Ederretako Erakusketa Nazionalean lehen domina jaso zuen 1917an Bersolaris lanagatik eta 1957an ohorezko domina. Gaztelako, eta zehazki Segoviako, gaiak eta batez ere Euskal Herriko gaiak eta jendea pintatu zituen. Pintore klasiko eta errealista izan zen. Madrilgo San Fernando Akademiako kide egin zuten (1945).



Atzera