abstraktu

izond. 1. Izaki errealetan gauzatu edo gorpuztu gabe agertzen den ezaugarriaz esaten da. 2. ART. XX. m.ko arte plastiko eta grafikoaren joera, errealitate ukigarriaren irudikapena arbuiatzen duena. 3. MAT. Bere unitateen izaera adierazten ez duen zenbakia (adib., 2, 6 eta 7 zenbaki abstraktuak dira eta 2 zaldi, 6 zaldi eta 7 zaldi ordea, zenbaki konkretuak). ART. Arte abstraktua errealitate fisikoan existitzen diren objektuak irudikatzen ez dituen eta formen, koloreen eta konposizioen irudikapenean oinarritzen den arteari esaten zaio. XX. mendearen hasieran Mendebaldeko arteak artelanen formaz eta irudiaz ideia berriak garatu zituen, horrela hedapen zabala izan zuten eskola abstraktuak sortuz; kubismoa (Picasso eta Braque), suprematismoa (K. Malevitx). Oro har, W. Kandinsky akuarelista errusiarra hartu izan da arte abstraktuaren aitzindaritzat, berez arte abstraktuaren barneko joeretako bat zen espresionismoaren teorilari eta maisu izan bazen ere. Eskultura abstraktuak jatorria Picassoren collage eta erliebeetan badu ere, Tatlin-ek, 1914tik aurrera, eman zion benetako autonomia. Eskultura arkitekturara hurbiltzea lortu zuen.



Atzera