autonomia
iz. 1. Zerbaitek edo norbaitek, alor batean edo oro har, bere kabuz aritzeko duen askatasuna edo askatasun-maila. 2. Ibilgailu edo aparatu bat erregaia berriz hartu gabe ibil daitekeen denbora edo distantzia. 3. ZUZ. Estatu baten barnean bere burua halako neurrian gobernatzen duen herriaren egoera. • autonomi elkarte. Estatu baten barruan autonomi estatutu batez hornitutako eskualde edo nazioa. Espainiako konstituzioan, 1978an araupetutako autonomi erregimena gauzatzen deneko eskualde eta nazioetako bakoitza. Euskal Autonomi Elkartea. || autonomi estatutu. Ik. estatutu.
Zentzu etimologiko eta historiko orokorrean erakunde jakin batek arauak, bere eskumen-barrutian betebeharrekoak eta betearaztekoak, emateko duen eskua edo ahalmena, inorekiko menpekotasunik gabekoa, adierazten du autonomiak. Baina oso zabala eta zehazgabea da berez autonomiaren kontzeptua. Edozein ordenamendu juridikotan, bereziki publikoan, maila eta zabalera ezberdinekoa izan daiteke autonomia, organo edo erakunde autonomoaren eskuduntzen hedapenaren arabera.
Botere publikoaren banaketari dagokionez, autonomia administratibo soila eta benetako autonomia politikoa bereizi ohi dira funtsean: udalaren autonomia edo unibertsitatearen autonomia edo antzeko pertsona juridikoarena maila administratibokoak dira. Autonomia politikoak lurralde jakin baten eta bertako komunitate politikoaren autogobernua esan nahi du, horretarako legeak egiteko eta betearazteko eskumenarekin, subiranotasunaren partaidetzan oinarrituta.
Europako estatuetako lurralde autonomoak Aro Modernoko estatu-nazioen zentralismo estatalen disfuntzioak zuzentzera etorri dira; gehienetan autonomi estatutu berezien bidez babestuta (Italia, Ingalaterra, Espainia, etab.); baina betiere estatuaren subiranotasun bakarrean oinarrituta. Horrela autonomismoaren defentsak bitariko oinarria aurkitu du: arrazoizkotasun juridiko-administratiboarena, batetik, estatu-aparatuaren deszentralizazioa eskatzen duena, eraginkortasunaren izenean; identitate historiko-kultural-politikoa, bestetik, hori duen eskualde edo herri jakin bati nortasun eta autogobernu politikoa aitortzea eskatzen duena, eskubidearen izenean. Joera politikoen arabera, bata ala bestea edo biak batera balioesten dira.
Hego Euskal Herriaren estatu espainolaren barruko autonomia politikoaren arazoa foru-erregimena galtzean hasi zen. Eusko Ikaskuntzaren autonomi estatutua lantzeko batzordeak bi aukera bereizi zituen, hain zuen bere 1930eko txostenean, Hego Euskal Herriaren autogobernurako: foruen berreskurapena eta autonomi estatutua. Bakoitzaren azpian interpretazio historiko eta filosofia politiko ezberdinak daude; baina bata nahiz bestea, euskal nazionalismoak eskatzen duen subiranotasun politikoaren azpitik geratzen dira. Autonomi estatutuaren ideiak 1931tik aurrera hartu zuen benetako indarra, Euskal Herriko udalen mugimenduaren eraginez eta Eusko Ikaskuntzaren laguntzaz. Baina Lizarran onarturiko estatutu federalistak topo egin zuen Espainiako konstituzio unitarista berriarekin. 1937an Bizkaiak eta Gipuzkoak lorturiko autonomi estatutua baliogabetuta utzi zuen Espainiako Gerra Zibiletik sorturiko estatu unitarista eta zentralista berriak.
Espainiako 1978ko konstituzioaren arabera, estatua komunitate autonomotan banatuta dago, "Autonomien estatua" izena eman zaiona. Hego Euskal Herria bi komunitate autonomotan banaturik geratu zen, Gernikako Estatutuaren eta Nafarroako Foru-Hobekuntzaren Lege Organikoaren ondorioz. Espainiako konstituzioaren arabera, autonomi estatutuak lurralde autonomoko oinarrizko legearen kategoria du eta, estatuko konstituzioarekin batera, estatuaren ordenamendu juridikoaren zati da. Bertan, herrialde edo komunitate autonomoari dagozkion eskuduntzak, estatuarekiko betebeharrak eta herrialde horren barne-erregimena agertzen dira. Barne-erregimena, zenbaitetan, parlamentu legegileak, gobernuak (botere exekutiboak) eta botere judizialak osatzen dute, Nafarroako Foru-Komunitatean eta Euskal Autonomi Elkartean gertatzen den bezala. Halaber, autonomi estatutuetan beraietan zehaztuta eta araututa dago oinarrizko legearen erreforma eta garapenerako prozesua ere. Gernikako Estatutuak, bere "agindu gehigarrian" salbu uzten ditu printzipioz Euskal Herriaren eskubide historikoak.
Atzera