egoera
iz. 1. Zerbait edo norbait dagoen modua. Euskal Herriko ekonomiaren egoera. Bere diru-egoera larriagatik. 2. (zah.) Egonaldia. Aurrez ordaindu behar duzu egoera eta jana. 3. FIS. Materia bere atomo eta molekulen arteko kohesio-mailaren arabera naturan egon daitekeen lau moduetako bakoitza (solido, likido, gas eta plasma). • egoera geldikor. 1. FIS. Unibertsoa beti izan dela eta izango dela, eta batez besteko dentsitatea konstante duela dioen teoria kosmologikoa, Big Bang-aren teoriarekin kontrajarria dagoena. 2. MED. Ez aurrera ez atzera egiten duen gaixoaren egoera. || egoera zibil. ZUZ. 1. Pertsona baten betebeharren eta eskubide zibilen multzoa. Gaur egun jaiotza, nazionalitatea, sexua, familia, adina eta bizilekua dira egoera zibila finkatzeko puntu nagusiak. 2. Erreferentzi puntutzat ezkontza harturik, horri buruz pertsonak duen egoera juridikoa: ezkondu, ezkonge, alargun eta dibortziatua. || egoera-ekuazio. FIS. Substantzia baten, bereziki gas baten, bolumena, tenperatura eta presioa erlazionatzen dituen adierazpena.
FIS. Egoera solidoan atomo eta molekulak elkarri lotuta daude eta ezin dira elkarrengandik higitu. Bibratu baino ezin dute egin; beraz, substantziak bere tamaina eta formari eusten dio. Likidoan berriz, kohesio-indarrak ahuldu egiten dira, eta partikulak elkarrekiko labaintzeko gai direnez, substantziak ez du forma zurrunik, "isuri" egiten da edo dagoen ontziko forma hartzen du. Dena dela, ezin da indarrez konprimatu, eta bere bolumena gorde egiten du. Gas-egoeran, partikulen arteko indarrak ahulagoak dira, eta aske higitzen dira; elkarren aurka talka egiten dute eta talkaren ondorioz norabide guztietara hedatzen dira. Substantziak espazioan hedatzera jotzen du, ez forma ez bolumen zehatzik duela, dagoen ontziarena baizik. Azkenik, plasma egoerara iristen da materia; atomoak ionizatu egiten dira eta materiak, ordenarik gabe, ioiez eta elektroi askeez osatutako gas-itxura hartzen du. Karga positiboa duten atomo-nukleoak eta karga negatiboa duten elektroiak nahasian daude eta multzoa elektrikoki neutroa da. Oso tenperatura altuetan gertatzen den fenomenoa da hau; adibidez, izarren barnealdea plasma-egoeran dago.
Substantzia bat une jakin batean zein egoeratan dagoen, tenperaturak eta presioak erabakitzen dute. Naturan presioa gutxi aldatzen denez, egoera-aldaketa batez ere tenperaturaren menpe dago. Beroak energia ematen dio berotzen duen substantziari. Solidoa berotzen denean, bere molekulek energia mekanikoa hartu eta bibratzeari ekiten diote (agitazio termikoa). Tenperatura igo ahala molekula-oszilazioak gero eta bortitzagoak dira, molekulen arteko loturak hautsi arte: egoera likidoa da. Tenperatura gehiago igotzen bada, azkenik likidoaren gainazalean dauden molekulek likidoari atxikita mantentzen dituen indarra garaitu eta, lurrin bihurturik, ihes egiten dute: gas-egoera da.
Egoera-aldaketak beti tenperatura jakin batean gertatzen dira substantzia bakoitzean, presioa aldatzen ez bada. Adibidez, ura 0 ºC-tan likidotu egiten da eta 100 ºC-tan lurrindu. Baina presioa handiagotzen edo txikiagotzen bada, tenperatura ere handiagotu edo txikiagotu beharko da egoera-aldaketa lortzeko. Horregatik, adibidez, 4.500 m-ko altitudeko mendi baten gainean ura lurrintzeko behar den tenperatura 85 ºC-koa da, altitude horretan presioa itsasoaren mailan baino txikiagoa baita. Dena den, tenperatura eta presio jakin batetik behera egoera likidoa ez da posible.
Gure planetan materiaren zati bat egoera solidoan dago (lurrazala eta Lurraren barnealdearen zati bat); beste zati bat egoera likidoan dago (Lurreko nukleoa batetik eta lurrazalaren gaineko itsasoak eta ur kontinentalak bestetik); azken zatian, atmosferan, materia gas-egoeran dago.
Atzera