elektroi
iz. FIS. eta KIM. Atomo-partikula oinarrizkoetako bat, elektrizitate negatiboz kargatua. Bere karga eta masaren balioak 1,6*10-19 coulomb eta 9,1*10-31 kg dira hurrenez hurren. Atomoan nukleoaren inguruko orbitaletan higitzen da. • balentzi elektroi. Lotura kimikoan parte hartzen duten atomo baten elektroietako bakoitza. || elektroi-hodei. Atomo baten nukleoaren inguruan elektroi bat aurkitzeko probabilitate-dentsitatearen banaketa.
Elektroiak atomoaren nukleo inguruan dabiltzan partikulak dira, eta energi mailaren arabera, geruzatan antolatzen dira. Kanpo-geruzako elektroiak oso garrantzitsuak dira, hauen menpe baitaude elementuaren propietate kimikoak. Bohr fisikariaren esperimentuei esker ezaguna da biraketa bakoitzaren erradioa. Elektroiak energia konstantea du orbita batean dagoenean, baina beste orbita batera jauzi egiten badu, energi aldaketa gertatzen da; hau erradiazio eran azaltzen da eta espektroen bidez kalkulatzen da.
XIX. mendearen bukaeran, J.J. Thomson fisikari britainiarrak tentsio handiek gasetan duten eragina aztertu zuen: potentzial-diferentzia bat aplikatu zuen gas pixka bat zeukan beirazko hodi bateko bi elektrodoren tartean. Katodoaren hurbileko puntu batek argia igortzen zuela ikusi zuen. Behaketen ondorioz iruditu zitzaion, katodotik partikula-zorrotada bat bideratzen zela beste elektrodora eta honen kausaz gasak argia igortzen zuela, partikulek zeharkatzen zutenean. Partikula-zorrotadari, izpi katodiko deitu zion. Halaber egiaztatu zuen, elektrodoetarako erabiltzen ziren metalak desberdinak izanagatik izpien propietateak beti berdinak zirela. Thomsonen lanaren ondorio zientifikoa hau izan zen: izpi katodikoak, elektrodoak eratzen duten atomoen barruko partikula-zorrotada negatiboki kargatuak direla. Gaur egun partikula horiei elektroi esaten zaie, eta honela adierazten dira: e-. Edozein metalekin eratutako elektrodoetatik beti partikula berdinak lortzeak esan nahi du elektroiak atomo guztietan daudela.
Atzera