energia

iz. 1. FIS. Sistema batek lana egiteko duen ahalmenaren neurria; ahalmen horren funtsaren edo iturriaren arabera bereiz daitekeen formetako bakoitza. 2. (hed.) Kemena. • barne-energia. FIS. Geldi dagoen sistemak eman dezakeen lan mekanikoaren eta bero-kantitatearen batura, unitate baten funtziotan neurtuta. || energia aske. FIS. Sistemak lana sortzeko duen ahalmena neurtzeko funtzioa. || energia mekaniko. FIS. Energia zinetikoaren eta potentzialaren batura. || energia psikiko. PSIKOL. Libidoa.


Energia potentziala eta energia zinetikoa


Gorputz batek duen posizioagatik edo egoeragatik daukan lan egiteko ahalmena da energia potentziala. Adibidez, erlaitz baten ertzean dagoen harri batek energia potentziala du, lurraren grabitazio-eremuan duen posizioagatik. Jausten bada, grabitatearen indarrak, hau da, harriaren pisuak, lurreraino iritsi arte higidura azeleratua eragingo dio. Harriaren masa m baldin bada, grabitatearen azelerazioa g eta hasieran zegoen lekutik lurrerainoko altuera h, hasieran zuen energia potentziala

E = m.g.h

zen.

Karga elektriko batek ere, eremu elektriko batean baldin badago, energia potentziala du, posizioaren kariaz. Malguki konprimatu batek ere energia potentziala du, daukan egoeragatik
Energia kimikoa energia potentzialaren forma berezi bat da, erreakzio kimikoetan parte hartzen duen energi mota, hain zuzen. Substantzia batek duen energia kimikoa osatzen duten atomoek duten egoerari zor die; konposatuetan atomoak estekatzen dituzten loturetan aurkitzen da.



Gorputz batek duen higiduragatik daukan energia da energia zinetikoa.

m masa duen gorputz bat v abiaduraz ari bada mugitzen, une horretan duen energia zinetikoa hauxe da:

(1/2).m.v2

Mugimendu hori gorputz osoarena ez denean ere, barneko atomoek energia zinetikoa dute, beti mugitzen ari direlako.
Atomoen edo molekulen batez besteko energia zinetikoa gorputzaren tenperaturak adierazten du.



Goian aipatu dugun harria jausten denean gertatzen denak ederki erakusten digu zein den energia potentzialaren eta zinetikoaren arteko aldea eta nola aldatzen den energia modu batetik bestera.

Erlaitzean, erortzen hasi baino lehen, dagoenean harriak duen energia guztia potentziala da. Jausten hasten den orduko abiadura handituz joaten da eta garaiera galduz. Lurraren erakarpen-indarraren eraginez, higidura uniformeki azeleratuz hasten da jaisten harria.

Erlaitzetik lurrera dagoen altuera h0 baldin bada eta t denbora igaro denean ht altuera duen punturaino jaitsi bada, horra zer gertatzen den:

Hasierako energia potentziala: m.g.h0

ht altuera duen puntura iritsi denean duen energia potentziala: m.g.ht

Jaitsiera horretan egin duen bidea h0-ht = (1/2)g.t2 da.

Altuera hori galdu izanagatik galdutako energia potentziala m.g.(h0- ht) da.

Bestalde, higidura uniformeki azeleratuz mugitzen ari denez, t aldiunean duen abiadura vt = g.t da. Horrek esan nahi du harriak une horretan duen energia zinetikoa:

(1/2)m.v2t = (1/2)m.(g.t)2 = (1/2).g.t2.m.g = m.g.(h0- ht) dela

Energia zinetikoan irabazi dena potentzialean galdu dena da, hain justu.






Energiaren eraldaketa eta kontserbazioa



Energia forma batetik bestera eraldatzea oso ohikoa da, baina, kopuru osoa beti mantentzen da, ez da sortzen, ez deusezten. Halere, erlatibitatearen teoriak erakusten digunez masa eta energia baliokideak dira eta batetik besterako eraldaketak gerta daitezke, beraz, energiaren eta masaren multzoan gertatzen dela goian esandako kontserbazio hori esatea da egokiena. Energia-eraldaketa askok garrantzi praktikoa dute. Erregai bat erretzen denean energia kimikoa berotasun eta argitasun bihurtzen da. Bateria elektriko bat kargatzen denean energia elektrikoa energia kimikoa bihurtzen da eta deskargatzen denean alderantzizkoa gertatzen da.
Fotosintesiaren bidez landareek argiaren energia energia kimikoa bihurtzen dute. Zentral hidroelektrikoetan uraren energia potentziala energia zinetikoa edota presio-energia bihurtzen da jauzian, ondoren, turbinan biraketa-energia bihurtzen da eta azkenik alternadorean energia elektrikoa.

Eztanda nuklear batean, berriz, materiaren parte bat energia bihurtzen da.




Atzera